Orioko EAJk modu positiboan baloratu du AP-8aren lotura hobetzeko proiektuak aurrera egin izana

Onintza Lete Arrieta

Orioko EAJko Noemi Ostolaza, Lourdes Salsamendi eta Mirari Arruabarrena, Felix Urkola Bide Azpiegituretako foru diputatuarekin. (EAJ)

Orioko EAJk bilera izan du Felix Urkola Bide Azpiegituretako foru diputatuarekin (EAJ), eta prentsa oharra kaleratu du bileraren balorazioa egin eta hainbat xehetasun emateko. 

Orioko EAJk bilera egin berri du Felix Urkola Bide Azpiegituretako foru diputatuarekin (EAJ), Gipuzkoako Foru Aldundiak esleitu duelako Bilborako noranzkoko AP-8aren trazadura berriaren proiektu publikoa idazteko lana. Asmoa da Oriok AP-8ra sarbidea izatea Donostiarantz ez ezik, baita Bilborantz ere.

Lan horiei buruzko xehetasunez aritu dira hizketan bileran Noemi Ostolaza, Lourdes Salsamendi eta Mirari Arruabarrena oriotarrak diputatuarekin, eta Orioko EAJk modu positiboan baloratu du AP-8aren lotura hobetzeko proiektuak aurrera egin izana. "Lan tekniko horri esker, dauden aukera desberdinak aztertu eta Orio bere ingurunearekin lotzeko eta mugikortasuna hobetzeko irtenbiderik egokiena zehaztu ahal izango da", nabarmendu du udal taldeak; "aurrerapen hori azken lau urteetan egindako etengabeko lanaren emaitza da", gaineratu du. "Helburua azpiegitura hau erakundeen lehentasunen artean kokatzea eta lotura hobetzeko beharra helaraztea izan da, oriotarrek urteetan zehar behin eta berriz adierazi duten eskaerari erantzunez". 

Orioko EAJk uste du proiektua idazteko lanaren esleipena urrats garrantzitsua dela, "nahiz eta oraindik fase tekniko eta administratibo batzuk bete behar diren behin betiko irtenbidea zehazteko". Horregatik, udal taldeak berretsi du lanean jarraituko duela "jarduketa honek aurrera egin dezan eta errealitate bihur dadin".

AP-8aren lotura horri "beharrezko jarduketa" deritzote "Oriok etorkizunari begira dituen erronkei erantzuteko", eta azpimarratu dute EAJk hasieratik egin duela lan hori bultzatzeko. "Aldundiarekin etengabeko harremana izan dugu eta erakundeen aurrean defendatu dugu gure udalerriarentzat funtsezkoa den azpiegitura honetan aurrera egitearen garrantzia", ziurtatu dute. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide