Euskal Autonomia Erkidegoko kirol portuen amarradurarako baldintzak aldatuko dituen ordenantza berria ondu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak. Besteak beste, plazak errazago esleitzeko amarratze moduluak sortzea eta ainguratzeko nahiz lehorreratzeko guneak finkatzea aurreikusten du ordenantza berriak.
Aipatutako sailak nabarmendu duenez, araudiaren helburua da kirol portuen kudeaketa indarra hartzen ari den aisialdiko nautikara egokitzea, plazen esleipenerako prozedurak sinplifikatzea eta plazetarako sarbidean ekitatea bermatzea. Hala, aginduak aldaketak ekarriko ditu amarralekuak esleitzeko moduetan eta plazen itxaron-zerrenden kudeaketan.
Araudi berriak kirol portuetako eremuen antolaketari eragingo dio, izan ere, eremua ahal beste aprobetxatzeko helburuz, itsasontzien tamainaren arabera zedarrituko dituzten amarratze moduluek ordezkatuko dituzte egungo sistema.
Plazak esleitzeko puntuazio sistema bat erabiliko dute, eta horren bitartez, lehentasuna emango diete kirol portua kokatzen den herriko eta inguruko herrietako bizilagunei. Eskatzaile bakoitzak gehienez ere 100 puntu metatu ahal izango ditu, eta bizitokiaz gain, aintzat hartuko dira itsasontziaren ezaugarriak, horien artean iraunkortasuna eta ondare gisa duen balioa, besteak beste. Aurretik itxaron zerrendan dauden eskatzaileek ere puntuak bilduko dituzte horregatik.