Orioko Udalak jakinarazi du herrian tximistorratz berria dagoela. Orioko Herri Ikastolako DBH-ko eraikinean jarri du, eta herriko laugarrena da. Eraikinaren beraren babesa handitzeaz gain, Munto-Erribera inguruko estaldura ere hobetuko duela azaldu du udalak.
Udalak jakinarazi du iaz herriko tximistorratzen egoera eta estaldura aztertu zituela Cotein Fire Safety & Protection Fire enpresarekin elkarlanean, "klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko eta muturreko fenomeno meteorologikoen aurrean herriaren babesa handitzeko neurrien barruan".
Orain arte, hiru tximistorratz
Orain arte, Oriok hiru tximistorratz zituen: San Nikolas elizan, Arraunetxen eta Zaragueta Herri Eskolan. Egindako azterketaren arabera, ordea, datozen urteetan beste lau edo bost tximistorratz jartzea aurreikusi dute.
"Udala urtez urte joango da instalazio berriak egiten, klima aldaketara egokitzeko udal planaren barruan, herriko hainbat gunetako babesa pixkanaka handitzeko", ziurtatu du.