OAEko arraunlariek urrezko lau domina irabazi dituzte Odesur Hego Amerikako XIII. Jokoetan

Onintza Lete Arrieta

Leandro Salvagno eta Marcos Sarraute, biak ezkerrean, zutik bat, eserita bestea, urrezko dominarekin. (Utzitakoa)

Orio Arraunketa Elkarteko Leandro Salvagno, Martin Gonzalez eta Marcos Sarraute arraunlari uruguaitarrak beren selekzioarekin ari dira parte hartzen Argentinan jokatzen ari diren jokoetan, aulki mugikorrean. Orioko bizilagunek orotara lau urrezko domina irabazi dituzte.

Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) Leandro Salvagno, Martin Gonzalez eta Marcos Sarraute arraunlariak Argentinan dira egunotan. Uruguaitarrak dira, eta beren selekzioarekin ari dira parte hartzen Odesur Hego Amerikako XIII. Jokoetan. 43 kiroletan hamabost herrialdetako 4.000 atleta ari dira lehian, eta onenek txartela lortuko dute hurrengo urtean Joko Panamerikarretan parte hartzeko. 

Aulki mugikorrean ari da lehiatzen hirukotea, eta atzo bertan urrezko domina eskuratu zuten Salvagnok eta Sarrautek Uruguairekin 8+ kategorian. Gaurko jardunaldian, berriz, Salvagno eta Gonzalez 4x kategorian lehiatu dira, eta bertan ere urrezko domina irabazi dute. Sarrautek ere izugarrizko maila erakutsi du txapelketan: asteazkenean, lemazain gabeko laukoan, urrezko domina irabazi zuen, eta gaur ere, zortziko mistoan, harentzat izan da urrea.

Salvagno, ezkerretik hasita lehenengoa, eta Gonzalez, hirugarrengoa, gaurko jardunaldia irabazi berritan. (utzitakoa)

Marcos Sarraute, lemazain gabeko laukoan irabazitako urrezko dominarekin. (utzitakoa)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide