Udako etenaldiaren ostean, martxan dira berriro Osakidetzari hiru eskakizun zehatz egiteko elkarretaratzeak: herriko anbulatorioan mediku eta erizain gehiago edukitzea, anbulatorioa berritzea eta itxaron zerrendak –batez ere espezialistengana joateko– murriztea. Hain zuzen ere, gaur goizean elkartu da herritar talde bat Orioko anbulatorioaren atarian protesta egiteko, Orion mediku gehiago nahi dugu! lelopean.
Beti bezala, ostegunetan 12:00etan elkartuko dira, anbulatorioaren aurrean, eta herritarrak animatu dituzte bertan parte hartzera, antolatzaileen ustez "borrokatu" egin behar delako "gizarteak osasun zerbitzu publiko duina jasotzen segi dezan".