Urriaren 2tik 4ra ospatuko dute aurten Parrilla Festa Orion, eta berrikuntza nabarmena izango du, Txakolin Eguna ere egingo baitute jaiaren azken egunean. Herriko lau txakolindegiek –Katxiña, Blai, Arbela eta Zudugarai– ere parte hartuko dute, eta beraz, aurten inoiz baino eragile gehiago elkartuko ditu Orioko Udalaren egitasmoak. Gainerakoan, iaz bezala, herriko erretegiek eta hainbat jatetxek ere parte hartuko dute festan, aurten zehazki Xixariok, Katxiñak, Boga-Bogak, Arkaitzek, Mirotzak eta Villa Antillak, baita Aldapa elkarteak, Kutixi kafetegiak, Kofradiak eta Itsas Etxeak ere.
Orioko modura egindako arrain errea da herriko gastronomia espezialitatea, eta Parrilla Festan toki berezia izango du horrek, baina erretegiez gaindi, herriko gainerako tabernen pintxoak dastatzeko aukera ere gongo da. Udalak transmisioari ematen dion garrantziaren lekuko, hitzaldi, sukaldaritza tailer eta ikastaro bana ere antolatu dituzte, horietako hitzordu batzuk haurrei zuzendutakoak.
Egitaraua gaur eguerdian aurkeztu dute Herriko Plazan, eta han izan dira, besteak beste, Anuska Esnal alkatea eta Adrian Garcia Turismo teknikaria; Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Juan Carlos Martinez parrilleroak; eta Blai, Zudugarai eta Arbela txakolindegietako ordezkariak. Esnalek eta Garciak eman dituzte azalpenak, eta gainerakoak arduratu dira arrain pintxoak eta txakolin kopak zerbitzatzeaz. Parrilla Festan parte hartuko duten beste hainbat eragiletako ordezkariak ere aurkezpenean izan dira.
Txartelak eta prezioak
Anuska Esnal alkateak nabarmendu du festa antolatzeko gidalerroak direla ondarearen transmisioa eta jasangarritasuna: "Gure izaera, kultura eta horren parte den itsasoa zainduko dituen festa antolatu nahi izan dugu. Kontua ez da parrillak plazara ateratzea eta piztea, baizik eta urterik urte plazan parrillak pizten jarraitzea".
Garciak eman ditu, berriz, azalpen praktikoak. Esaterako, urriaren 2ko eta 3ko pintxo-poteetan parte hartzeko eta pintxoak dastatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik txartela Turismo Bulegoan eskuratzea; hamabost euroren trukean erosi ahal izango dira horiek, bihartik aurrera. Txartel bakoitzarekin sasoiko arrainen bi pintxo, bi sardina, gilda bat eta herrian ekoitzitako txakolinen lau trago eskuratuko dituzte herritarrek. Horrez gain, herriko parrilleroak arraina erretzen ariko dira, eta, talde txikietan, herritarrei azaldu eta erakutsiko diete arraina Orioko modura nola erretzen duten. 10-12 pertsonako taldeetan egingo da esperientzia, eta parrillero bakoitzak bere jardunaren nondik norakoak azalduko ditu: arrain bakoitzaren ezaugarriak, prestatzeko modua, parrillan nola erretzen den edota olio-errea nola egin eta botatzen zaion. Egunean bertan lonjatik ekarritako sasoiko arrainak izango dira. Muxarra, erreboiloa, txitxarroa, zapoa edo une horretan eskuragarri dagoen beste arrainen bat izan daiteke.
Urriaren 3an, berriz, Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bilakatuko da, eta 200 bat lagunek izango dute otordua egiteko aukera. Herriko tabernek prestatutako errazioak izango dira lehenengo plater modura, baita postrea eta edaria ere, baina arraina erabiltzaile bakoitzak ekarri beharko du, baldintza batekin: Orioko arrandegi batean erositako arraina izan beharko du. Erosketa-tiketa eskatuko da, eta Orion erosi ez den arrainik ezingo da parrilletan erre. Lehen platerak dastatu ostean, talde bakoitzeko ordezkari batek edo bik eurek prestatuko dute arrain errea parrillan, herriko parrilleroen laguntzarekin. Helburua ikastea eta ondarea transmititzea denez, parrilleroak bertan izango dira aholkuak eman, lagundu eta arraina Orioko modura nola egiten den erakusteko.
Pertsona bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu —arraina aparte—. Prezioan sartuko dira errazioak, ikatza, olioa eta sua egiteko beharrezko materiala, ura eta sagardo-txotxa. Beste edari batzuk ere salgai izango dira, prezio murriztuan, elkarte gastronomikoetan bezala.
Aldapa elkartean eskainiko duten tailerrerako ere aurrez eman beharko da izena Turismo Bulegoan. Doan izango da, eta Itsas Etxe kofradiakoek arraina modu errazean prestatzeko errezetak erakutsiko dituzte.
Egitaraua
Irailak 23, asteazkena
- 19:00. Kofradiaren eraikinak 100 urte izeneko hitzaldia Kultur Etxean, Jon Agirresarobe eta Pedro Mari Urangaren eskutik.
Irailak 30, asteazkena
- 19:00. Baxurako arrainekin errezetak egiteko sukaldaritza tailerra, Aldapa elkartean.
Urriak 2, ostirala
- 17:00. Izan Arrantzale haurrentzako ikastaroa moilan, anbulatorio parean.
- 20:00. Irekiera ekitaldia, Herriko Plazan.
- 20:05. Sasoiko arrainen pintxo-potea.
Urriak 3, larunbata
- 13:30. Elkarte Gastronomikoa hitzordua Herriko Plazan, herriko parrilleroen laguntzarekin.
- 20:05. Sasoiko arrainen pintxo-potea.
Urriak 4, igandea
- 12:00. Txakolin Eguna. Herriko ekoizleen uztaren dastaketa.
- 12:30. Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak.