Pedalkadak Elikatzen jardunaldia antolatu dute, goi mailako partaideekin

Onintza Lete Arrieta

Txirrindulari talde bat, errepidean. (Pixabay)

Txirrindularitza profesionalaren elitean lan egiten duten adituekin solasaldia antolatu dute urriaren 2an Arraunetxen, eta sarrerekin biltzen duten diru guztia Aldapa Orioko zikloturista elkartearentzat izango da. 

Zer jaten du Tadej Pogačar bezalako txirrindulari batek? Nola planifikatzen da elikadura itzuli handi batean? Eta nola bihurtzen dituzte sukaldariek nutrizionistek zehaztutako makronutrienteak errendimendura bideratutako plater osasuntsu eta goxoetan? Galdera horiei erantzuten arituko dira urriaren 2an, ostiralarekin, Arraunetxen egingo duten Pedalkadak Elikatzen jardunaldian. 

"Munduko txirrindularitza profesionalaren elitean lan egiten duten adituek" erantzungo dituzte galdera horiek eta beste hainbat. Izan ere, hitzordu horretan parte hartuko dute Gorka Prieto UAE Team Emirates taldeko nutrizio arduradun eta Pogačarren nutrizionistak; Virginia Santesteban Lidl-Trek taldeko nutrizionista eta Realeko nutrizionista ohiak; eta Amaia Martí Oda, EF Education-EasyPost taldeko nutrizionista eta Andorrako Dietista-Nutrizionisten Elkargoko presidenteak. Jardunaldia Eder Etxeberria kirol mediku oriotarrak gidatuko du, eta elikadurak gaur egungo txirrindularien osasunean eta errendimenduan duen funtsezko garrantzia azalduko du. 

Bukaeran, Movistar Team eta Lidl-Trek taldeetako sukaldarien showcookinga izango da, Jon Carazo eta Julen Lizartzaren eskutik. 

Izen emateak 16 euro balioko du, eta jardunaldiaren etekin garbi guztiak Orioko Aldapa txirrindulari elkartearentzat izango dira. Sarrerak esteka honetan eros daitezke. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide