Zaintza Herri Akordioa aurkeztuko dute larunbatean, Herriko Plazan

Julene Sorarrain

Herriko Plaza, artxiboko irudian.

Azken hilabeteetan, Orioko eragile, elkarte eta merkatariek beren eremutik zaintzaren inguruan egiten dituzten praktikak aztertu dituzte. Orain, esperientzia eta testigantza horiek partekatuko dituzte herritarren aurrean. Herriko Plazan izango da ekitaldia, eta aurretik solasaldi bat ere izango da.

Orioko Udalak antolatuta, Zaintza Herri Akordioaren aurkezpen ekitaldia egingo dute larunbat honetan, azken hilabeteetan zaintzaren inguruan sustatutako parte hartze prozesuan egindako bidea herritarrekin partekatzeko. Herriko elkarte, eragile eta merkatariekin batera garatutako prozesuaren helburua "Orio herri zaintzaileago bilakatzeko bidean urratsak egitea" izan dela azaldu du erakundeak.

Hala, bi jarduera antolatu dituzte larunbaterako. Lehenik eta behin, Ane Izagirre eta Patxi Izagirreren gidaritzapean, Bakardadea identifikatu eta akonpainamentua nola egin bizitzako etapa ezberdinetan izeneko solasaldia eskainiko dute 10:30ean, Kultur Etxean.

Solasaldia amaitu ondoren, herri akordioaren aurkezpen ekitaldia egingo dute Herriko Plazan, 12:15ean hasita.  Azken hilabete hauetan, herriko hainbat eragile, elkarte eta merkatarik beren eremutik zaintzaren inguruan egiten dituzten praktikak aztertu dituzte, baita herrian dauden beharrak eta aukerak partekatu eta aurrera begirako konpromisoak landu ere. Orain, esperientzia eta testigantza horiek partekatuko dituzte, "herrian dagoeneko egiten den zaintza lana ikusgarri egiteko" .

Jarraian, talde argazkia aterako dute, eta amaieran, mokadu jana izango da bertaratzen direnentzat. Udalak, halaber, ekitaldian parte hartzeko deia egin die herritarrei, "guztion artean Orio herri zaintzaileagoa eraikitzen jarraitzeko".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide