Surfaz gozatu dute gaur goizean berrogei bat lagunek, tartean kirol hori normaltasunez egiteko zailtasunak dituzten hamabosten bat lagunek. Berdin-Berdinak Orioko taldeak urtero antolatzen du surf saio inklusiboa Orioko Surf Taldearen (OST) laguntzarekin, "uda sasoiari amaiera eman eta ikasturte berri bati hasiera ona emateko". Hala, surflari bakoitzeko surflari laguntzaile bat edo bi elkartu dira 09:30ean hondartzan, eta prestaketa lanak egin ondoren, 10:00ak aldera hasi dira uretara sartzen.
Aurreneko aldia izan da batzuentzat, eta urteroko hitzordua, beste batzuentzat. Bederatzigarren urtez antolatu dute ekintza, eta herrikoak ez ezik, ingurukoak ere bertaratu dira, baita Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herritakoak ere. Marea Urdina Azpeitiko elkarteko kideak ere animatu dira, ohi bezala.
Elkartea gustura da surf hitzordu horrek izaten duen harrerarekin. "Festa xumea izaten da, goiz bateko saioa, baina ekintza alaia izaten da, jendea gozatzeko gogoz etortzen da, eta hamaiketako batekin amaitzen dugu, festa giroan. Ez da arnas handiko ekitaldi bat, baina goxoa da, eta partaideak eta familiak gustura gelditzen dira", azaldu dute.
Gainera, ekintzan herriko hainbat eragilek parte hartzen dutela nabarmendu dute, surf taldeaz gain herriko ostalari eta enpresek ere beren alea jartzen dutelako, hamaiketakorako jan-edana eskainiz. "Herriak ere, nahiz gaur hemen ez egon, parte hartzen du honetan".
Berdin-Berdinak, ikasturtea hastear
Surfeko hitzorduarekin amaitzen du Berdin-Berdinak elkarteak denboraldia, segituan beste bati ekiteko. Izan ere, astelehenean hasiko dituzte arrauneko eta igeriketako entrenamenduak. Horrez gain, adinekoentzat ariketa fisiko saioak ere antolatzen dituzte Karela kiroldegian.
Norbaitek entrenamenduetan edo kiroldegiko saioetan parte hartzeko elkartean izena eman nahi badu edo informazio gehiago eskuratu nahi badu, berdin.berdinak@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezake. Izan ere, elkartearen ateak behar duen ororentzat "zabal-zabalik" daudela gogorarazi dute.