Aldundiak Orion ere egingo ditu Mugikortasunaren Asteko ekintzak

Mailo Oiarzabal

Azahara Dominguez diputatua (ezkerretik, bigarrena) eta harekin batera Mugikortasunaren Asteko ekintzak aurkeztu zituztenak. (GFA)

Bizikletak konpontzeko zerbitzua emango du aurten ere erakundeak herriz herri, baina baita bereziki gazteei zuzendutako escape room bat ere. Orion hilaren 19an izango dira ekintza horiek.

Irailaren 16tik 22ra izango da aurten Europako Mugikortasunaren Astea. Ohi duenez, mugikortasun jasangarria sustatzea xede duen egitasmo horrekin bat egingo du aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, bi ekintza prestatu ditu foru erakundearen Mugikortasuneko, Turismo eta Lurralde Antolaketako departamentuak. Batetik, aurreko urteetatik datorren Jarri prest zure bizikleta Mugirekin tailerra eskainiko dute berriro; eta bestetik, aurtengo berrikuntza: gazteen artean mugikortasun jasangarria sustatzeko escape room jokoa.

Hilaren 16tik 25era bitartean, lurraldeko hogei udalerritara eramango ditu ekintza horiek aldundiak. Urola Kostan, bi egunetan eta lau herritan izango da horiek baliatzeko aukera: hilaren 17an, osteguna, goizez Azpeitian (plazan, 10:30etik 14:00etara) eta arratsaldez Azkoitian (liburutegi ondoko plazan, 16:00etatik 20:00etara); eta hilaren 19an, larunbata, goizez Zarautzen (malekoiko sorosleen postuaren aurrean, 10:30etik 14:00etara), eta arratsaldez Orion (Ikastola aurreko plazan, 16:00etatik 20:00etara).

Mugirekin, bizikletak pronto

Mugi garraio txartela dutenek, beren bizikletei oinarrizko doikuntzak edota konponketak egiteko aukera izango dute aurten ere Jarri prest zure bizikleta Mugirekin tailerrean.

Baina Mugi txartela ez dutenentzako eta hori eskuratu nahi dutenentzako zerbitzua ere emango dute bizikletak konpontzekoarekin batera. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak "beharrezko laguntza" eskainiko die herritar horiei Mugi txartela eskatzeko "eta, horrela, sistema horrek eskaintzen dituen abantaila guztiez gozatzen" hasteko.

'Escape room'-a, gazteak kontzientziatzeko

Aurten, ordea, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak prestatu duen Misterioa Topo Expressen izeneko jarduera izango da berrikuntza nagusia. Escape room jokoa da, eta herritar orok izango du bertan aritzeko aukera, baina bereziki gazteen artean mugikortasun jasangarria sustatzeko prestatu dutela adierazi zuen aurkezpenean Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Izan ere, Dominguezen aburuz, "txikitatik hartzen ditugun mugikortasun ohiturek garrantzi handia dute gizarte gisa gure etorkizuna eraikitzeko garaian".

Aldundiko arduradunek azaldu dutenez, Misterioa Topo Expressen 45 eta 60 minutu inguruko iraupena duen escape joko bat da, "modu ludikoan eta oso entretenigarrian" parte hartzaileak "garraio publikoaren garrantziaz, Mugi sistemaren abantailez eta balioez kontzientziatzeko, eta gazteen artean mugikortasun autonomoagoa sustatzeko aukera ematen duena".

Jokoa zuzen eta garaiz osatzeak saria izan dezake, gainera: bi bizikletaren zozketan parte hartuko dute hori lortzen dutenek, baita Mugi txarteletan 20 euroko balioa duten 60 kargaren zozketan ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide