Saregile emakumeen etxeak askotariko jarduerak antolatu ditu irailetik abendura bitartean. Hainbat motatako saioez gain, prestakuntzarekin lotutako saioak, topaguneak eta aholkularitza eta bidelaguntza zerbitzuak eskainiko ditu, eta izango da berrikuntzarik ere: Emakumeen Zirkulua. Bestelako hitzorduen artean, bat hurrengo astean bertan izango da, irailaren 19an, larunbatarekin, Orio Herri Zaintzailerako Akordioa eta Zaintzen Mapa aurkeztuko baitituzte Herriko Plazan. Egitasmo horrek "zaintzak komunitatearen erdigunean kokatzeko eta herrian zaintza eredu bidezkoago eta kolektiboago baten alde aurrera egiteko konpromisoa jasotzen" duela azpimarratu du udalak.
Orioko Udalak prentsa oharrean azpimarratu du udazkeneko programazioaren bidez, "emakumeen arteko topaketa, saretzea eta ahalduntzea sustatzeaz gain, eguneroko bizipen eta beharrei erantzuteko eta aldaketa eta eraldaketa kolektiborako tresnak eskaintzen jarraitu nahi" duela emakumeen etxeak.
Ahalduntze Eskolako ikastaroetan izena emateko epea astelehenean zabalduko dute, irailaren 14an, eta hilaren 25era arte egongo da irekita. Izen ematea online egin daiteke, esteka honetan. Ikastaroen ordainketa eskudirutan egingo da, eta behar duten emakumeek haur zaintza zerbitzua eskatzeko aukera izango dute izena ematerakoan. Honakoa da Saregileren ordutegia: astelehenetik ostegunera 09:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan, 09:30etik 13:00etara.
Emakumeen Zirkulua eta beste taldeak
Udalak jakinarazi du Emakumeen Zirkulua sortu dutela udazkeneko programaziorako. "Herriko emakumeen arteko saretzea eta ahalduntze kolektiboa sustatzeko topagunea izango da, entzute aktiboa, elkarrekiko sostengua eta hausnarketa partekatua oinarri hartuta", azaldu dute. "Espazio horrek eguneroko erritmoan geldialdia egiteko, norberari zein inguruko emakumeei arreta jartzeko eta emakumeen arteko sare solidario eta indartsuak ehuntzeko aukera eskainiko du", gaineratu dute.
Beste hainbat taldek, berriz, aurreko urteetan hasitako bideari jarraituko diote. Irakurle taldeak, esaterako, literatura eta feminismoa uztartzeko martxan segituko du. Hilean behin elkartuko dira, aurrez irakurritako liburuen inguruan hitz egiteko eta literatura abiapuntu hartuta gai feministen, kezken eta bizipenen inguruan hausnartzeko.
Amatasunen inguruko bizipenak partekatzeko espazio autogestionatuak ere jarraituko du, parte hartu nahi duten emakume guztientzat irekita.
Horrez gain, hilean behin "ekimen ireki bat" egingo da, herriko emakume guztiei zuzenduta. "Gai sozial eta feministak elkarrekin landu eta hausnartzeko nahiz kultur ekimenez elkarrekin gozatzeko aukera eskainiko dute saio horiek".
Ahalduntze Eskola, ardatzetako bat
Programazioko ardatzetako bat, beti bezala, Ahalduntze Eskola izango da. "Emakumeen autonomia, konfiantza eta gaitasunak indartzeko ez ezik, kontzientzia kolektiboa, elkarren arteko saretzea eta gizarte eraldaketa sustatzeko espazioa da eskola" udalaren esanetan. Hainbat tailer eta ikastaro emango dituzte.
Horietako bat da Musika ekoizpena tailerra. Oihana Rodriguezen eskutik, partaideek musika sortzeko eta ekoizteko lehen urratsak emango dituzte, tresna eta baliabide praktikoak ezagutuz.
Harreman afektibo berdinzaleak tailerra, berriz, Pepa Bojok dinamizatuko du. Harremanak baldintzatzen dituzten eredu eta sinesmenak aztertuko dituzte parte hartzaileek, besteak beste, maitasun erromantikoaren inguruko ideiak, genero rolak eta botere harremanak. Berdintasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritutako lotura afektibo osasuntsuagoak eraikitzeko baliabideak eskaintzea izango da saioaren helburua.
Hirugarren proposamena Emakume artisten zikloa izango da, Zorione Mendezek gidatuta. Iraganeko zein gaur egungo emakume sortzaileen lanetara hurbilduz, artean eta kulturan emakumeek izan duten eta duten presentzia ezagutzeko aukera eskainiko du zikloak. Arteari begiratzeko moduak eta iruditeria artistikoak ikuspegi feministatik aztertuko dituzte.
Solasaldiak ere bai
Urtero bezala, udazken honetan ere hainbat solasaldi izango da Saregilen. Azaroan, indarkeria digitalari buruzkoa egingo dute. Saioaren ardatzak "teknologien eta sare sozialen erabilerarekin lotutako indarkeria matxistaren adierazpenak identifikatzea, horiei buruz hausnartzea eta aurre egiteko tresnak ezagutzea" izango dira.
Autozaintza eta ongizatearekin lotutako proposamenak ere egin dituzte: urriaren 22an, esaterako, elikadura makrobiotikoari buruzko tailerra egingo da, energia, oreka eta autozaintza lantzeko eta eguneroko bizitzan ongizatea sustatzeko tresnak eskaintzeko; abenduaren 17an, berriz, Ecos de la Terra dokumentala proiektatuko dute eta, ondoren, solasaldia egingo da. Dokumentalak ingurumenaren aurkako indarkeria eta haren aurrean sortutako erresistentziak lantzen ditu, ikuspegi ekofeminista eta dekolonialetik.
Ohiko zerbitzuak ere martxan
Hiruhileko programazioak alde batera utzita, emakumeen etxeak emakumeen eguneroko beharrei erantzuteko aholkularitza eta bidelaguntza zerbitzuak eskaintzen jarraituko du. Besteak beste, aholkularitza juridikoa, bidelaguntza psikologikoa, indarkeria matxistaren aurreko arreta eta bideraketa eta sexu aholkularitza eskaintzen ditu.
Hitzordua posta elektronikoz eska daiteke, saregile@orio.eus helbidean; telefonoz edo WhatsApp bidez, 623 178 553 zenbakian; edota Instagram bidez, @saregileetxea kontuan.