Ondarearen Europako Jardunaldietan Behoria Garbia antolatu dute irailaren 26rako

Nerea Uranga

Behoria Garbiaren aurreko edizio batean, itsasadarra garbitzen.

Ondarearen Europako Jardunaldien hamargarren edizioa egingo dute datozen hiru hilabeteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta eta hainbat eragilek parte hartuta. Tokian tokiko ondarea ezagutarazteko eta zaintzeko antolatu dituzte jarduerak Gipuzkoako 36 udalerritan. Orion Behoria Garbia egitasmoa egingo dute, egun osoko egitarauarekin.

Hamargarren aldiz egingo dituzte Ondarearen Europako Jardunaldiak Gipuzkoan, lurraldeko ondarea kontserbatzeko, zaintzeko eta ezagutarazteko. Irailean, urrian eta azaroan izango dira jarduerak Gipuzkoako 36 udalerritan; tartean, Orion. Irailaren 26rako (larunbata) Behoria Garbia antolatu dute, egun guztiko jarduerekin, besteak beste, itsasadarraren eta Antilla hondartzaren garbiketak egingo dituzte, baita azoka, tailerrak, bisita gidatuak eta ipuin kontaketa ere.

Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak nabarmendu duenez, jardunaldien helburua da "memoria kolektiboa gordetzea eta gizarte osoaren zerbitzura jartzea". Gure eskuetan lelo hartuta, arriskuan dagoen kultura ondarearen inguruan egingo dituzte aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak, hiru lan ildorekin: "Biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea". Foru aldundiak sustatu ditu jardunaldiak, Gipuzkoako hainbat eragilerekin batera. "Hamargarren edizioko jardunaldietako jarduerek begirada berriak eskaintzen dituzte gure ondareak dituen erronkei buruz, eta erakusten dute ikerketak, kontserbazioak, sormenak eta gizartearen parte hartzeak nola lagun dezaketen ondarearen etorkizunean", adierazi du jardunaldien aurkezpenean aldundiko Kultura zuzendariak. Era berean, jardunaldiak antolatzeko parte hartu duten eragileak eta parte aktiboa duten herritarrak eskertu ditu, baita herritarrak animatu ere antolatutako jardueretan parte hartzera.

Behoria Garbia egitaraua:

  • Irailak 26, larunbata. 10:15-14:00. Itsasadarreko garbiketa kayak bidez. 11:00etan eta 12:00etan, ararunaren historia ezagutzeko bisitak. 12:00-13:00. Antillako hondartzan, zigarrokinen bilketa. 16:00-20:00, tailerrak eta Eko azoka. 17:30-19:30. Bisita gidatuak eta ipuinak itsasadarrean barrena. 19.15. Kontzertu sorpresa, plazan. Arraunetxen. Izena emateko: 657 79 46 77.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide