Orio Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak Erreginaren Kopa jokatu du asteburuan Rivas-Vaciamadrilen (Espainia), Urrezko Sofbol Liga Nagusian laugarren postua lortu ondoren. Bada, ametsak ihes egin die oriotarrei, eta laugarren postuan amaitu dute txapelketa.
Torneoko lehen partida larunbatean jokatu zuten, ligako txapeldun CBS Rivasen aurka. Madrildarrek, ordea, hasieratik hartu zituzten mendean oriotarrak, eta partida 10-0 amaitu zen, OBBri punturik markatzeko aukerarik eman gabe. Egun berean, baina arratsaldez, Bate Bizkorrak Kataluniako Viladecansen aurka lehiatu ziren. Aurreko partidan bezala, aurkari gogorra izan zuten zelaian, eta, punturik egin gabe, 10-0 amaitu zen norgehiagoka hori ere.
Emaitzaz harago, etxeko taldearentzat "lorpen handia" izan da ligan laugarren postua lortu eta Erreginaren Koparako sailkatu izana. Hain zuzen ere, OBBren ustez, txapelketa hau "urte osoan zehar egindako esfortzuaren saria" izan da.