Berdin Berdinak kirol elkarteak eta Orioko Surf Taldeak (OST) surf saio inklusiboa antolatu dute larunbat honetarako, Antilla hondartzan. Jardueraren helburua da adin, gaitasun eta ezaugarri ezberdinetako pertsonak surfaren inguruan elkartzea, eta goiza kirola eta inklusioa uztartuz igarotzea.
Urtero bezala, OSTeko surflarien laguntza izango dute parte hartzaileek uretan, jarduera segurtasunez egiteko. Goizeko 09:30ean elkartuko dira surf elkartearen lokalean, trajeak jantzi eta beroketak egiteko. Ondoren, surflari baten laguntzarekin, uretara sartuko dira. Saioa eguerdiko 13:30ak arte luzatuko da, baina parte hartzaileek nahi duten unean atera ahal izango dira uretatik, beren beharren arabera. Goizari amaiera emateko, hamaiketakoa egingo dute lokalaren kanpoaldean.
Antolatzaileek aurten Herritik herriarentzat izenburua eman diote ekimenari. Izan ere, herritar asko aritzen dira saioa ondo atera dadin laguntzen, bai boluntario gisa, bai hamaiketakoa prestatzen laguntzen duten herriko saltokien bidez. Aurten, gainera, ikuspegi pertsonalizatua eman diote ekintzari. "Parte hartuko dutenen beharrak eta lehentasunak izan ditugu kontuan, eta hutsune horiek betetzeko, material bilketa egin dugu. Jasotako laguntza guzti horrek, hain justu, agerian utzi du egitasmo honen alderdi komunitarioa", azaldu dute antolatzaileek. Besteak beste, neurri ezberdinetako neoprenoak eta surf taula egokituak eskuratu dituzte larunbateko saiorako.