Orio Eragin eskubaloi kluba denboraldi berriari ekiteko prest da

Julene Sorarrain

Orio Eragin eskubaloi klubeko emakume seniorren taldea. (Orio Eragin)

Euskal Ligan lehiatuko dira eskubaloi klubeko seniorrak aurtengo denboraldian, Iraitz Unanue entrenatzailaren gidaritzapean. Helburua "azken urteetako dinamika onarekin jarraitzea" izango da. 

Orio Eragin eskubaloi klubak laster ekingo dio denboraldi berriari. Zehazki, urriko bigarren asteburuan hasiko du Euskal Liga Zipri Orio Eragin senior taldeak. Lehen norgehiagokan, Kukullaga taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Iraitz Unanue izango da taldeko entrenatzailea, eta aurtengo helburua "azken urteetako dinamika onarekin jarraitzea eta eguneroko lanean gozatzea" izango dela aurreratu du.

Ligari ekin aurretik, ordea, hiru lagunarteko partida jokatuko dituzte Orioko Karela kiroldegian. Irailaren 12an Saiekoren aurka ariko dira; irailaren 26an, berriz, Urduliz eta Malkaitz taldeen aurka neurtuko dituzte indarrak; eta urriaren 3an, azkenik, Urdanetaren aurka jokatuko dute.

Aurten, zazpi taldek osatuko dute eskubaloi kluba, eta horietako batzuk azken asteetan hasi dira lanean. "Denak martxan jarriko dira aste honetan, eta partidaren bat ere izango dugu asteburu honetatik hasita, Karelan", azaldu dute. Hain justu, Klubaren eta taldeen aurkezpen ofiziala, berriz, aurrerago egingo dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide