Dena emateko prest da OBB

Julene Sorarrain 2026ko irailaren 3a

Amane Erkizia oriotarra eta Esti Alvarez zarauztarra, Orio Bate Bizkorrak taldeko jokalariak. (Julene Sorarrain)

Urrezko Sofbol Liga Nagusian laugarren egin ondoren, Orioko Bate Bizkorrak taldeak Espainiako Koparako txartela lortu du. Asteburuan jokatuko dute txapelketa hori Madrilen, eta dena emango dute. Amane Erkizia oriotarra eta Esti Alvarez zarauztarra taldearen helburuez aritu dira txapelketaren atarian.

Aparteko denboraldia egin ostean, Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak liga hasieran ezarritako helburua bete du: Espainiako Erreginaren Kopara sailkatu da. Uztail hasieran Nafarroako Izaga taldearen aurka jokatutako partidarekin agurtu zuten oriotarrek Urrezko Sofbol Liga Nagusia, sailkapen orokorrean laugarren postua eskuratuta, eta, horrenbestez, Erreginaren Koparako txartela lortuta.

Hain zuzen ere, larunbatean eta igandean jokatuko dute txapelketa hori Madrilen, eta hiru aurkari sendo izango dituzte zelaian Oriokoek. Hitzordu garrantzitsua iritsi bitartean, jokalariak gogor ari dira entrenatzen egunotan Mendibeltzen. OBB bere sendotasunagatik nabarmentzen da, eta taldearen batasuna eta jokalarien arteko giro ona dira sendotasun horren gakoetako batzuk. Hala iritzi diote Esti Alvarez (Zarautz, 1997) eta Amane Erkizia (Orio, 2007) taldekideek. Hiru urte daramatza Alvarezek OBBrekin jokatzen, eta Erkizia, berrizz, 2018an batu zen taldera.

Asteburuan jokatuko duten txapelketa ez da edonolakoa, izan ere, ligan lortu daitekeen ohorerik handiena da. Dena den, ez da zorte hutsa izan kopara iristea, denboraldi bikain baten emaitza baizik. "Denboraldiaren balorazioa oso positiboa da. Guk helburu bat ezarri genuen ligaren hasieran, hau da, sailkapenean goiko multzoan mantentzea. Helburu hori lortuta, bigarrena Erreginaren Kopara sailkatzea zen. Bada, etxeko lanak eginda eta azkenengo partidak amaituta, gustura gaude lortutakoarekin", nabarmendu du Alvarezek.

Iaz bosgarren postuan amaitu zuten liga, baina jokalariek aitortu dute ez dutela aldaketa handirik egin behar izan taldeko dinamikan aurten emaitza hobeak lortzeko. "Kontua da, taldea kohesionatuta egon dela hasieratik, urte asko daramatzagulako elkarrekin jokatzen, eta horrek asko laguntzen du", kontatu du Erkiziak.

Ligako azken partida Izagaren aurka jokatu zuten, uztailean. Lehenengo zatian, nafarrak nagusitu ziren, 8-1eko emaitzarekin, baina bigarren zatian OBBk hartu zuen aurrea, markagailua 0-7ko emaitzarekin irauliz. "Partida hartan, gure helburu nagusia Erreginaren Kopara sailkatzea zen, eta, testuinguru horretan, ligako azken partida izanik, bai ala bai lortu behar genuen irabaztea. Hortaz, bigarren zatitik aurrera, genuen guztia eman genuen zelaian. Ez zegoen beste aukerarik", azaldu du oriotarrak.

Hiru aurkari sendo zelaian

Orain, hitzordu garrantzitsuaren atarian, entrenamenduetan hainbat sentipen nabaritu dituzte. "Gure helburuak sailkapenean lehen postuetan geratzea eta kopara sailkatzea ziren, eta, ikusita hori guztia lortzeko gai garela, gure asmoa Erreginaren Kopako finalera iristea da. Badakigu Rivas taldeak, esaterako, egitura profesionala duela eta oso aurkari zaila izango dela. Udan bi aste izan ditugu atsedena hartzeko, baina kopan gurekin lehiatuko diren hiru taldeak ez dira geldirik egon, ligan nahiz Europako txapelketetan jokatzen aritu baitira. Alde horretatik, badugu sentipena ghaiek baino utxiago entrenatu garela. Dena den, Erreginaren Kopa ez da txapelketa arrotza guretzat: 2023an ere sailkatu ginen, eta hirugarren postuan amaitu genuen; duela bi urte ere lehiatu ginen kopan, eta laugarren egin genuen orduan", kontatu du Alvarezek.

Orioko Bate Bizkorrak. (Sergio Berdasko)

Kataluniako Viladecans eta Madrilgo Dridma eta Rivas taldeak izango dira Oriokoen aurkariak asteburuan. "Txapelketa amaitu arte ez dugu jakingo nork irabaziko duen, eta guk hasieratik emango dugu daukagun dena. Viladecans eta Dridma gure antzeko egoeran dauden taldeak dira, eta aukerak ikusten ditugu haiei irabazteko", aipatu dute OBBkoek txapelketan espero duten mailaz galdetuta.

Oriokoek, ordea, liga irabazi berri duen Rivas izango dute lehenengo aurkaria torneoan. "Beraiek badakite ligan laugarren egin duen taldearen aurka ariko direla, eta hori bigarren edo hirugarren egin duenaren aurka lehiatzea baino errazagoa dela, printzipioz. Kontuak kontu, horrelako txapelketa laburretan hasierako partidatik saiatu behar zara aurrea hartzen. Txapelketa sentipen txarrekin hasten baduzu, zaila izaten da gero egoera horri buelta ematea. Ez da liga bezala: hasiera txarra izan baduzu ere, hobetzen joan zaitezke. Torneo hauetan gure maila onena eman behar dugu hasiera-hasieratik", azpimarratu du Erkiziak.

Batasuna gako

Izagaren aurkako partida erabakigarrian, OBBk agerian utzi zuen taldearen batasuna gakoa izan dela aurkariei aurre egiteko. Hain zuen, taldekideen harreman ona da jokalariek azpimarratzen duten alderdi nagusia. "Taldean giro ona izatea da gako garrantzitsuena. Izan ere, hau taldeko kirola da, baina baita indibiduala ere. Esaterako, bateatzaile lanetan ari zarenean, bakarrik zaude, eta bakoitzak egunerokoan egiten duen lana oso garrantzitsua da, ondoren talde osoan izango duelako eragina".

Asteburuan lor dezaketeen emaitza gorabehera, lorpen handia izan da taldearentzat honaino iristea. "Ilusio handia egiten digu honaino iritsi izanak, izan ere, lau talde bakarrik sailkatzen dira txapelketa honetara. Gainera, Europara sailkatzeko txartela izango dugu jokoan, eta horrek gure gogoak areagotzen ditu. Ligan laugarren geratzea ondo dago, noski, baina guretzat, txapelketa hau urte osoan zehar egindako esfortzuaren saria da".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide