Julen Alonso: "Bihotzetik ateratzen zaidana egiten jarraitzeko asmoa dut, beti"

Ane Olaizola 2026ko abuztuaren 28a

Julen Alonso, kontzertuetan ondoan izaten dituen musikariekin. (Gaizka PeƱafiel)

Julen Alonso musikari oriotarrak 'Hariak' hirugarren diskoa aurkeztuko du hilaren 5ean Azpeitiko Soreasu antzokian, Oinkari dantza taldearekin eskainiko duen ikuskizunean.

Hirugarren diskoa kaleratu zuen urtarrilean Julen Alonsok (Orio, 1996): Hariak. Aurrekoak bezala, musikaria Oinkari dantza taldearekin ari da azken lana aurkezten, eta hilaren 5ean, larunbatez, Azpeitiko Soreasu antzokian (19:00) eskainiko duten ikuskizunean, beraz, dantza eta kantua uztartuko dituzte. Dantzariak ez ezik, Uxue Kerejeta, Iker Telleria, Amaiur Cajaraville, Beñat Armentia eta Gorka Urra musikariak izango ditu Alonsok ondoan.

Kantua eta dantza uztartuta, nolako emanaldia eskainiko duzue?

Oinkarirekin egin dudan hirugarren proiektua da honakoa, baina orain arteko ikuskizunekin alderatuta, hau desberdina da. Azken diskoan, letra guztiak nik sortutakoak dira, besteetan ez bezala, eta diskoko abestiak oholtzan interpretatzeko momentuan askoz nireago sentitu ditut. Zentzu horretan, askoz pertsonalagoa da oraingo hau, egiazkoagoa.

Horrez gain, emanaldian dantzariekin interakzioa izaten dut, lehen ez bezala. Finean, oraingoa dinamikoagoa da, aurrekoekin konparatuta. Denbora osoan pertsona berberak mugitu gabe ikusi beharrean, estimulu gehiago jasoko du publikoak.

Lau urteko etenaren ondoren, aurten berriz itzuli zara oholtzara. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Uztailean Aian estreinatu genuen azken diskoari lotutako ikuskizuna, eta oso urduri nengoen. Urte asko igaro ditut oholtzara igo gabe, eta nire burua pixka bat ezagututa, banekien hasieran oso urduri egongo nintzela. Baina, ezustean, oso-oso lasai joan nintzen estreinaldira, eta hori gertatu zen nire buruari aurrenekoz aukera eman niolako emanaldi perfektua ez egiteko. Oraingo honetan, perfekzionismoa alde batera utzi dut eta askoz gehiago gozatu dut; ikusi dut, gainera, jendeak ere hala egin duela.

Azpeitiko kontzertura ere lasai joango al zara?

Egia da proiektua lasai hasi dudala, baina Soreasuk betidanik errespetua eman dit. Ez dakit zergatik, baina hango oholtzara atera naizen bakoitzean, publikoa ikustean, hainbeste eserlekurekin, inpresio handia egin izan dit. Baina badakit, aurreneko kantua eta gero, guztia lasai joango dela.

Nola egiten dute bat zure abestiek dantzaren diziplinarekin?

Esan bezala, oraingo proiektu honetan, dantzariek inoiz baino gehiago jarri dute arreta abestien letran, eta uste dut lortu dugula hitzek eta dantzak bat egitea. Orain arte, beti sortu izan ditugu koreografiak melodiei jarraituz, baina dantzariek orain beste pauso bat eman dute: oraingoan, ikuskizunean, melodiaz gain letrak ere kontuan hartu behar dira, eta horrekin batera, baita dantzariek horiek nola interpretatzen dituzten ere.

Urtarrilean kaleratu zenuen Hariak diskoa. Zer-nolako erantzuna izan du?

Pixka bat gogorra da esatera noana, baina nahiko nuke adierazi. Diskoaren aurrerapen gisa Norbera garena abestia kaleratu nuen, zeinetan, nire ia 30 urte eta gero, sexu joerari buruz aske hitz egiten dudan. Abesti hori kaleratu nuen arte, iruditzen zitzaidan nire publikoaren erdia gizonak zirela, eta beste erdia, emakumeak. Orain, berriz, musika plataformek-eta egiten dituzten estatistiken bidez, badakit publikoa aldatu egin zaidala: %95 emakumeak dira orain. Aian eman nuen kontzertuan ere ikusi nuen han zeuden gehienak emakumeak zirela. Egoera hori da, eta nire proiektua aldatu egin da publikoari dagokionez. Kontziente nintzen hori gerta zitekeela baina ni neu gustura bizitzea lehenetsi nuen, eta gero gerokoak.

Zer sentipen eragiten dizu aldaketa horrek?

Kalitateari dagokionez, proiektua gero eta hobea dela ikusten dut: astero joaten naiz kantu eskolara, asko zaintzen naiz kontzertu baten aurreko hilabetetik hasita… Hori guztia batzen denean, ikusten da proiektua goraka doala, baina esan bezala, arrazoi batzuengatik, zenbaitek erabaki dute nire proiektutik alde egitea; baina beste batzuk erakarri ditudala ere pentsatzen dut. Bihotzetik ateratzen zaidana egiten jarraitzeko asmoa dut, beti. Badakit, gainera, batzuei gustatzen zaiela ni benetan nor naizen abestietan adieraztea. Orduan, haientzat egingo ditut kantuak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide