Igandeko ekaitzak argindar zerbitzuan eragindako arazoak konpontzen dabil Iberdrola

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 26a

Argindar sorgailua Ibai Ondo kalean. (Orioko Udala)

Arazoa behin-behinean arintzeko, bi sorgailu handi jarri dituzte: bata Antxiola inguruan dago, eta bestea, Ibai Ondo ekialdean. Helburua, konponketa lanek irauten duten bitartean kaltetutako guneei argindar zerbitzua bermatzea da.

Igandean herrian izandako ekaitzak matxura handi bat eragin zuen argindar zerbitzuan, eta ordutik, Iberdrola arazoa konpontzeko lanean ari dela jakinarazi du Orioko Udalak. Matxurak herrian hainbat ondorio izan dituela argitu du erakundeak, besteak beste, argindar mozketak eta zerbitzuan gorabeherak.

Arazoa behin-behinean arintzeko, bi sorgailu handi jarri dituzte: bata Antxiola inguruan dago, eta bestea, Ibai Ondo ekialdean. Helburua, konponketa lanek irauten duten bitartean kaltetutako guneei argindar zerbitzua bermatzea da. Antxiola kaleko gunea konpondu dela jakinarazi du udalak, eta hortaz, bertan zegoen sorgailua kendu dute. Ibai Ondo inguruko matxura konpontzeko, ordea, beharrezko piezak iritsi zain daude. Horregatik, sorgailua bertan mantenduko dute egun batzuetan, inguruko etxe eta zerbitzuei argindarra bermatzeko.

Piezak iritsi eta behin betiko konponketa egin bitartean, argindar zerbitzuan gorabeherak eta etenaldiak izan daitezkeela jakinarazi du udalak. Dena den, Iberdrolarekin harremanetan da "egoeraren jarraipena egiteko eta konponketa ahalik eta azkarren egin dadila bermatzeko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide