Saneamendu sistema konpontzeko lanek eragina izango dute trafikoan datorren astean

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 26a

Eusko Gudari kaleko etxebizitzak, artxiboko irudian.

Abuztuaren 31n, Abeslari kalea eta irailaren 1etik 4ra, Kaia kalea itxiko dituztenez, egun horietan herrigunetik irteteko Txanka hondartza erabiltzea gomendatu du udalak. Halaber, txu-txu trena Bikamiotan soilik geratuko da abuztuaren 31n, eta hortaz, ez da igaroko Arrantzale kaleko geltokitik.

Gipuzkoako Ur Kontsorzioak herriko saneamendu sistema konpontzeko azken lanak hasiko ditu abuztuaren 31n, eta lanek herriguneko ibilgailuen joan-etorrietan eragina izango dutela jakinarazi du Orioko Udalak.

Alde batetik, abuztuaren 31n, astelehenarekin, herrira sartzeko Aritzaga kalea erabili ahal izango da, ohi bezala. Herrigunetik irteteko, aldiz, Abeslari kalea itxita egongo denez, Txanka hondartza erabiltzea gomendatu du udalak.

Bestetik, irailaren 1etik 4ra Kaia kalea itxiko dute, eta horrenbestez, herriguneko irteera guztiz itxita egongo da. Beraz, ibilgailuak Txanka hondartzatik bideratuko dituzte. Dena den, trafiko mozketak zenbait salbuespen izango ditu: Kaia kaleko garajeetako erabiltzaileek pasatzeko aukera izango dute; eta Arrantzale kaleko 2, 4, 6 eta 8 zenbakietara doazen ibilgailuek, zamalanak egitera doazenek, anbulategira eta eguneko zentrora doazenek eta Andra Mari inguruko bizilagunek soilik izango dute pasatzeko aukera.

Halaber, txu-txu trena Bikamiotan soilik geratuko da abuztuaren 31n, eta hortaz, ez da igaroko Arrantzale kaleko geltokitik (Arkaitz tabernaren parekotik).

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide