Autobus zerbitzu berezia egongo da gizonezkoen Kontxako sailkapen estropadarako

Intza Trula 2026ko abuztuaren 26a

Orioko gizonezkoen trainerua, pasa den asteburuan Zarauzko estropadan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Getariako Udalaren eskakizunari erantzunez, autobus zerbitzu berezia eskainiko du irailaren 2an. Hain justu, Zumaia eta Donostia lotzen dituzten UK10 eta UK11 lineak indartuko ditu egun horretan. Momentuz ez dute ezer iragarri emakumezkoen sailkatze estropadarako garraio zerbitzuen inguruan.

Gizonezkoen Kontxako Banderako sailkapen estropadak jokatuko dituzte irailaren 2an, asteazkenez, Donostian. Herriko arraunlariak animatzera joan ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuak autobus zerbitzua indartuko du. Hain justu, Getariako Udalak egindako eskaerari erantzunez hartu du erabakia.

Hain justu ere, Zumaia eta Donostia lotzen dituen Lurraldebusen UK10 lineak (Zumaia>Donostia) zerbitzu berezia eskainiko du Zumaiatik 16:00etan eta Donostiatik 21:00etan aterata; UK11 linea (Zumaia>Donostia AP-8tik Zarautzen barrena), berriz, Zumaiatik 16:30ean eta Donostiatik 19:30ean irtengo da.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren esanetan, Kontxako Bandera "udako kirol ekitaldi garrantzitsuenetako bat da", eta, horregatik, "herritarrak estropada ikustera modu jasangarrian, eskuragarrian eta erosoan joan daitezen" nahi dute.

Ildo beretik, Getariako alkate Haritz Alberdik dio arrauna "bizi poza" dela, "eta kirolaz harago, herria elkartzeko eta herri-kohesioa sortzeko gaitasuna" duela. Haren esanetan, Kontxako estropada "urteko momenturik berezienetako bat da getariarrontzat". Herritar "asko" gerturatzen dira urtero-urtero Donostiara arraunlariak animatzera, eta aurten ere horrela izan dadin egin du udalak eskaera hau. Zera gehitu du Alberdik: "Azken finean, gure arraunlarien atzetik elkarrekin joatea ere herria egitea da".

Emakumezkoen sailkatze estropada irailaren 3an izango da, ostegunez. Hala eta guztiz ere, Lurraldebusek ez du oraingoz ezer iragarri hitzordura joateko garraio zerbitzuen inguruan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide