Eneritz Ibarra ilustratzailearen Benito, herriaren kantua proiektuak jaso du Sormen Bizian Beka. Euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko eta sortzaileen sormen prozesuak babesteko xedea du beka horrek, eta lehen edizioan 7.000 euroko dirulaguntza jasoko du aukeratutako proiektuak.
Hain zuzen ere, Benito Lertxundiren kantu, gogoeta eta iruditeriarekin osaturiko ibilbide bat sortzea da Ibarraren proposamena, hau da, Lertxundiren kantagintzaren transmisiorako baliagarri izango den bide bat sortzea Orion. Ibarrak zehaztu duenez, "ibilbideak elkarrizketan jarriko ditu Benitoren gogoetak eta kantuak, ahozko euskal kultur ondarea, doinu sorta zabala, memoria kolektiboa, norbanakoaren biografia, Orio, plazer estetikoa eta paisaia". Funtsean, "Orio eta ingureua beste begi batzuekin sentitzeko aukera" emango luke ibilbideak, eta “oroimena pizteko eta transmititzeko” lekua izango litzateke. Ibarrak gehitu duenez, “euskal kultur ondoare inmaterialari espazio publikoan lekua emateko” xedearekin sortu du proposamena, eta Benitoren lana eskertzeko eta transmititzen jarraitzeko gune "bizi eta irekia" izango litzateke ibilbidea.
Sormen Bizian Beka egitasmoa Orioko Kulturaren Egoeraren Plan Estrategikoan (OKEPE) jasotako lan ildoetako bat da. 2024-2028 epealdirako osatutako dokumentuan, herritarrei sorkuntzarako baliabideak eta espazioak bermatzeko beharra identifikatu zuen udalak, eta hori lortzeko bidean, ekintza zehatz bezala jasota dago sorkuntza sustatzeko Sormen Beka garatzea.
Hori horrela izanda, udalak emango duen bekak artistaren sormen prozesua diruz lagunduko du, sortzaileak horretara dedikatzeko denbora izan dezan. Ibarra ilustratzaileak aurreproiektua aurkeztu zuen lehiaketara, oinarri arautzaileetan eskatu bezala, eta hurrengo hilabeteetan proiektua garatzeko aukera izango du. Hilabete batzuetako sormen prozesuaren ondoren, ikertu eta landutakoa jendaurrean aurkeztuko du, datorren neguan.