Mola Molako terraza eszenatoki erraldoia bilakatu zen asteazken iluntzean. Izan ere, Zea Maysen kontzertuak jendetza elkartu zuen hondartzako tabernan, eta dantzan eta kantuan, udako azken egunez gozatzeko aukera izan zuten oriotarrek.
Festa, ordea, ez da oraindik amaitu Mola Molan. Izan ere, asteburuan beste bi musika hitzordu eskainiko dituzte: larunbatean Makala DJak izango du terraza girotzeko ardura, 18:00etatik aurrera; eta igandean, Mingofisuras taldeak emango du kontzertua, 17:00etan hasita.
Abuztuaren amaiera emateko, berriz, Mola Fest izeneko jaialdia ere programatu dute. Abuztuaren 29an izango da festa, larunbatean, arratsalde partean. 17:00etan emango diote hasiera, Xanti Irazustaren berotzen saioarekin. Ondoren, Rocio Portillo musika elektronikoko DJ eta abeslari argentinarrak kontzertua emango du.
(Argazkia eta bideoa: utzitakoak).