1901ean lehen Kontxako Bandera irabazi izanaren 125. urteurrena gogora ekartzeko, Orio Arraunketa Elkarteak 125 urte banderaren bila! izeneko liburuxka argitaratu du. Atzo arratsaldean, Arraunetxen egindako ekitaldian, aurkeztu zuten lana herritarren aurrean. Hain justu, liburuxkaren sorkuntza-lanetan aritu diren Luis Azkue, Joxemari Olasagasti eta Iñigo Gaztañazpik hartu zuten hitza, egindako lanaren nondik norakoak azaltzeko.
Testuinguru gisa, Olasagastik gogora ekarri zuen 1975ean Azkuek argitaratutako liburua. Orio Arraunean, 75 Urteko Historia lanean, hain justu, Oriok 1901ean Kontxako estropadan lortutako lehen garaipenetik kirolean parte hartu zuten arraunlari guztien izenak agertzen ziren.
2001eko mendeurrenean, Orioko Udalak Orio Arraunean liburua argitaratu zuen, hainbat pertsonek egindako lan kolaboratiboa. Liburu hark estropadako bandera guztien argazkiak eta garaipen horiek lortu zituzten arraunlarien izenak erakusten zituen. Guztira, 330 bandera jaso zituen argitalpen hark.
Liburuxka berri honekin, ordea, "artxiboko materiala eta informazio esanguratsua bildu eta jasotzea" izan dute helburu. Izan ere, historian zehar, modalitate eta maila guztietan, 1.800 garaipenetik gora metatu ditu Orioko arraun klubak. Garaipen horien artean, 1901eko eta 2025eko Donostiako estropadak, koroak, 1942ko trofeo berezia eta emakumeen traineruaren hasiera aipatzen badira ere, dokumentuan sari gisa bandera jaso duten garaipenak baino ez dira jasotzen.
Hala, liburuxkan Orioko Arraun Elkarteak 1901etik 2025era irabazitako 831 banderak zerrendatu dituzte banan-banan, urtearen, modalitatearen, izenaren, mailaren eta lekuaren arabera. Horrez gain, irudi-artxibo bat ere osatu dute, eta garaipen guztiei dagozkien argazki-fitxak QR kodeen bidez jarri dituzte eskuragarri. Zerrendan, ataletan sailkatuta, argazki-bildumen helbide elektronikoak eta QR kodeak ageri dira. Horrela, lortutako bandera guztien argazkiak eta bakoitzari buruzko informazioa kontsulta daitezke, baita modalitate bakoitzean lortutako garaipenen fitxak ere. Horrez gain, monografikoak eta argazki zaharrak ere jaso dituzte. Lan horren bitartez, herritarrei aukera eman zaie argazki bilduma bakoitza digitalki deskargatzeko eta jasotzeko.
Erakusketa eta bisitak datozen egunetan
Liburuxkaren aurkezpenarekin batera, eta 125. urteurrena ospatzeko, erakusketa eta bisitak antolatu dituzte Arraunetxeko Trofeo-Bandera Aretoan. Erakusketa datorren astelehenetik ostegunera bitartean ikusi ahal izango da. Bisitak 18:00etan izango dira euskaraz, eta 19:00etan, berriz, gaztelaniaz. Gainera, liburuxka 10 euroan egongo da salgai.