Orio Arraunketa Elkarteak '125 urte banderaren bila!' liburuxka aurkeztuko du etzi, Arraunetxen

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 17a

Olatz Santamaria zinegotzia eta '125 urte banderaren bila!' liburuxkaren sortzaileak. (Orioko Udala)

Luis Azkue, Joxemari Olasagasti eta Iñigo Gaztañazpi aritu dira sorkuntza lanetan, eta etzi Arraunetxen egingo den aurkezpenean hartuko dute hitza, egindako lana azaltzeko eta Orioko arraunaren historiako mugarri nagusiak gogora ekartzeko. 

1901ean lehen Kontxako Bandera irabazi izanaren 125. urteurrena gogora ekartzeko, Orio Arraunketa Elkarteak 125 urte banderaren bila! izeneko liburuxka argitaratu du. Asteazkenean aurkeztuko dute lana, 19:00etan Arraunetxen, eta horretarako, liburuxkaren sorkuntza-lanetan aritu diren Luis Azkue, Joxemari Olasagasti eta Iñigo Gaztañazpik hartuko dute hitza, egindako lana azaltzeko eta Orioko arraunaren historiako mugarri nagusiak gogora ekartzeko.

Azaldu dutenez, "artxiboko materiala eta informazio esanguratsua bildu eta jasotzea" izan dute helburu liburuxka osatzeko garaian. Besteak beste, Orioko arraunaren historiako gertakari esanguratsuenak eta 1901etik 2025era irabazitako bandera guztien zerrenda jaso dituzte. Horrez gain, irudi-artxibo bat ere osatu dute, eta garaipen guztiei dagozkien argazki-fitxak QR kodeen bidez jarri dituzte eskuragarri.

Erakusketa eta bisitak

Liburuxkaren aurkezpenarekin batera, eta 125. urteurrena ospatzeko, erakusketa eta bisitak antolatu dituzte Arraunetxeko Trofeo-Bandera Aretoan. Erakusketa abuztuaren 24tik 27ra bisitatu ahal izango da, baita abuztuaren 31n eta irailaren 1ean ere. 18:00etan euskaraz eskainiko dituzte bisitak, eta 19:00etan, aldiz, gaztelaniaz. Gainera, liburuxka 10 euroan egongo da salgai.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide