Koxme Burutaran eta Haizea Gozategi, Munduko Unibertsitate Lehiaketako podiumean

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 16a

Koxme Burutaran arraunean. (World Rowling)

Donostiarrak urrezko domina eskuratu du alki mugikorreko M1x modalitateko A finalean. Oriotarrak, aldiz, zilarra lortu du Noa Guaschekin batera W2x modalitateko B finalean, biak Espainiako selekzioa ordezkatuz.

Koxme Burutaran donostiarrak eta Haizea Gozategi oriotarrak emaitza bikainak lortu dituzte FISUren Munduko Unibertsitate Lehiaketan, Espainiako selekzioa ordezkatuz. Abuztuaren 13an hasi zen txapelketa Londonen (Ontario, Kanada), Fanshawe lakuan, eta atzo jokatu zituzten finalak. Txapelketan hogei herrialde baino gehiagotako 300 ikasle eta kirolari inguruk parte hartu dute, eta bi euskal arraunlariek podiumera igotzea lortu dute.

Orioko Arraun Elkarteko arraunlari den Burutaranek urrezko domina eskuratu du gizonezkoen aulki mugikorreko M1x modalitatean, A finalean. Donostiarrak 7:00.73 denborarekin amaitu du proba, eta, horrenbestez, munduko unibertsitateko txapeldun bilakatu da.

Haizea Gozategik, Sevillako Nautico klubeko arraunlariak, berriz, zilarrezko domina lortu du emakumezkoen aulki mugikorreko W2x modalitatean, Noa Guaschekin batera. Bikoteak 7:27.53 denborarekin amaitu du B finala, eta bigarren postua eskuratu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide