Oihane Mateos kazetari zendu berria OAEren zuzendaritzako parte izan zela gogoratu du klubak

Onintza Lete Arrieta

Argazkia: Orio Arraunketa Elkartea

EITBren Orain albiste zerbitzu digitaleko burua atzo hil zen, 45 urterekin, eta Orio Arraunketa Elkarteak sare sozialetan oharra kaleratu du. Zuzendaritzan zen sasoian, "jo eta ke bere eginkizunetan buru-belarri" aritu zela nabarmendu du klubak. 

Atzo zendu zen Oihane Mateos kazetaria, 45 urterekin. EITBren Orain albiste zerbitzu digitaleko burua zen, eta zazpi urtez, Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) zuzendaritzan ere aritu zen lanean. "Jo eta ke bere eginkizunetan buru-belarri" aritu zela nabarmendu du arraun klubak sare sozialetan, eta horregatik, partaideen izenean, "besarkada estu bat" bidali die OAEk haren lagunei eta senideei, "eta bereziki Oihaneren ondoan klubean ibilbidea partekatu zuten zuzendaritzakide guztiei". 

Mateos 2006-2009 urteen artean egon zen aurrenekoz OAEko zuzendaritzan, Igon Lertxundi presidentea zela. Ondoren, 2010etik 2012ra, J.K. Exposito presidente zela, eta azkenik, 2012tik 2015era, Ibon Huegun presidente zela. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide