Animaziozko abentura filma euskaraz eta Gure Zirkuaren karpan ikusteko aukera izango dute abuztuaren 20an, ostegunarekin, etxeko txikienek. Proiekzioa Orioko Udalak eta Gure Zirkuak antolatu dute elkarlanean, eta 21:00etatik aurrera izango da. Leku mugatuak izango direnez, aurrez gonbita eskuratzea ezinbestekoa izango da. Astelehenean, abuztuak 10, jarriko dira eskuragarri turismo-bulegoan, 10:00etatik aurrera, eta pertsona bakoitzak, gehienez, lau txartel hartzeko aukera izango du.
Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute filmak "adiskidetasuna, elkarlana eta naturaren zaintza ditu ardatz". Mascha Halberstad zuzendariaren 2024ko lana da, eta basoko egunerokoa hankaz gora jarriko duten gertakari arraroak ditu abiapuntu: hontza desagertu egingo da, arratoi bihurri batzuk auzokoak izutzen hasiko dira eta laku batek gainezka egingo du, basoko animalien etxeak urpean utziz. Egoera horren aurrean, Azerik eta Erbik misterioari aurre egin beharko diote, beren laguna aurkitzeko eta basoa salbatzeko; bidean, ordea, haien arteko adiskidetasuna ere proban jarriko da.