Flysch organo jaialdiko kontzertua eskainiko dute gaur, elizan

Ihintza Elustondo - Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 24a

Organo bat, artxiboko irudian.

Ana Aguado eta Santiago Banda organistek eskainiko dute emanaldia, 19:30ean. Kontzertua doakoa izango da, baina entzuleek borondatea emateko aukera izango dute AECC minbiziaren aurkako elkarteari. 

Abian da 11. Flysch nazioarteko organo jaialdia, eta edizio kopuru horretara iritsi izana ez da seinale txarra, Santiago Banda antolatzaileak adierazi duenez. "Geroz eta jende gehiago etortzen da emanaldietara, eta pozgarria da hori guretzat". Gipuzkoan organo "bikainak" daudela nabarmendu du, eta "altxor horiek" etxekoei zein kanpokoei erakustea da zikloaren helburua, emanaldi erakargarriak prestatuta. 

Zumaiako San Pedro parrokian eskaini zuten jaialdiko lehen kontzertua hilabete hasieran, eta ondoren, Debatik eta Getariatik igaro dira emanaldiak eskaintzera. Orion, berriz, gaur izango da jaialdiaren barruko saioa, Bariko San Nikolas elizan. Ana Aguado eta Santiago Banda organistek eskainiko dute emanaldia, 19:30ean. 

Aurten berrikuntza bat txertatu dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, "berezia" izango da Orioko kontzertua, sekula ez baitute Flysch zikloaren barruan bi organistaren kontzerturik antolatu. "Elizako organoaz gain, beste organo txiki bat eramango dugu, eta bi organistak eskainiko dugu kontzertua", adierazi du Bandak. 

Emanaldi guztietan sarrera doan izango da, baina elkartasun keinu bat ere izango du zikloak. Izan ere, kontzertuetara bertaratzen diren entzuleek borondatea emateko aukera izango dute AECC minbiziaren aurkako elkarteari. 

Organoak ezagutaraziz

Flysch jaialdiak inguruotako organoak ezagutaraztea du helburu, "balio artistiko nahiz historiko" handia dutelako. Zumaiako eta Getariako organoak XIX. mendekoak dira. Debakoa berria da, baina "munduko organogile onenetakoak" berritu zuen 2013an. Oriokoak, berriz, nahiz eta zaharberrituta dagoen, XIX. mendeko hodiak ditu. Guztiak ere "altxor handiak" direla dio antolatzaileak, eta herritarrak animatu ditu saioetara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide