Muskuilu Harria Orioko aisialdiko arrantza kirol elkarteak antolatuta, XV. Arrain Txiki Txapelketa jokatuko da larunbat honetan, Santio Egunez. Mollarri eta Igeldo artean egingo dute txapelketa, hain justu, eta ondoren, parte hartzaileek elkarrekin bazkalduko dute kirol portuan, aisialdi elkartearen egoitzaren kanpoaldean.
Txapelketan izena emateko epea zabalik dago oraindik, eta egunean bertan ere eman daiteke, txapelketa hasi baino ordu erdi lehenago, kirol portuan bertan. Hain zuzen ere, goizeko 09:00etan bota ahalko dira aparejuak, eta ontziek bueltan izan beharko dute 13:15erako. Segurtasunagatik ontzi bakoitzean gutxienez bi lagunek joan beharko dute, eta antolatzaileek partaideei aurrez jakinaraziko diete zer arrain mota arrantza daitezkeen eta zein ez, eta bakoitzak zer puntuazio izango duen. Bestelako arauen berri ere emango diete. Pisaketak amaituta, sari banaketak egingo dituzte.