Berrogeita bost urte daramatzate Dik van Beest eta haren emazte Maria van Beest-van Gilsek Orioko kanpinera etortzen. Herbeheretakoa da bikotea, eta herrialde hartako beste familia askok bezala, urtero Kantauriko kostaldera etortzea aukeratzen dute, udako lehen egunez gozatzera. Dik eta Maria, ordea, ez dira soilik euskal klima atseginaz eta pintxoez gozatzera etortzen. Izan ere, bikotea kanpin ikuskatzailea da, eta ACSI izeneko enpresarentzat egiten dute lan.
Konpainia horrek Europa osoko 10.000 kanpin inguru ikuskatzen ditu urtero, eta ondoren, gida bat osatzen du, turistei informazio baliagarria emateko. Vanbeestarrek Euskal Herriko kanpinak ikuskatzeko ardura dute eta 20 bat urte daramatzate lanbide horretan. "Oriora, ordea, dagoeneko 45 bat urte daramatzagu etortzen, ikuskatzaileak izan aurretik jada ezagutzen baikenuen herria". Kanpina garai hartan hondartzan zegoela gogoratzen du bikoteak. Oriora egindako lehen bisitaz geroztik, urtero itzuli dira, salbuespenak salbuespen. "Orain gure lanagatik etorri behar dugu, baina lehen, oporretan etortzen ginen".
Hautu argia
Hala ere, munduan egon daitezkeen aukera guztietatik, zergatik aukeratzen dute Orioko kanpina? "Urtero ehunka kanpin ikuskatzen ditugu, eta hemengoa orain arte ikusi dugun onenetarikoa da, zalantzarik gabe. Alde batetik, ez delako handiegia, eta bestetik, oso irisgarria eta konpletoa delako", argitu du Dikek. Halaber, azpimarratu du Orioko kanpinak zerbitzu asko dituela inguruan, herritik gertu dagoela, eta garraio publikoan iristeko aparta dela. "Kanpinetik atera, eta plaza edota hondartza gertu ditu. Eta, batez ere, jendea oso jatorra da".
Gauza asko aldatu dira lehen aldiz etorri zirenetik. "Urteak igaro ahala, ia kanpin guztiek gehitu dituzte bungalowak, sistema hobea delako dirua irabazteko eta bisitariak ez daudelako eguraldiak hain baldintzatuta. Izan ere, kanpin dendarekin etorritakoan eguzkia egitea nahi duzu, baina bungalowean geratzen zarenean, eguraldiak ez dizu asko axola". Kanpineko igerilekua eremuz aldatu dutela ere ikusi du bikoteak, eta haien ustetan, aldaketa "garrantzitsua eta egokia" izan da hori. "Lehengoak sakontasun handiagoa zuen, eta garbitzeko zailagoa izaten da igerileku mota hori. Gainera, itzaletan zegoen, eta berria, eguzkitan. Oso polita da, eta erabaki egokia izan da".
Lanbide ezezaguna
Zer da, ordea, kanpin ikuskatzaile bat, eta zer da, zehazki, kanpinetan ikuskatzen duena? "ACSIk galdetegi bat du, eta kanpin bakoitzera joandakoan, gure adura da galdetegi hori betetzea: igerilekuaz, jatetxeaz edo tabernaz, supermerkatuaz edota komunez galdetzen dute. Gainera, Mariak kanpineko bisitariak elkarrizketatzen ditu, haien esperientzia nolakoa izaten ari den jakiteko. Zuzendaria ere elkarrizketatzen dugu, kanpinak azken urtean izan dituen aldaketen berri izateko". Bikoteak argitu du prozedura "oso espezifikoa" dela. "Guk ez dugu gidan zehazten kanpina polita den ala ez. Datu zehatzak ematen ditugu espazioaren gainean: ea igerilekua duen, berdeguneak dituen, animaliak onartzen al dituzten… hori da gure lana. Iritziak eta iruzkinak egitea bisitarien ardura da".
Herrian bertan ere aldaketa asko izan direla kontatu dute. "Plazan egindako obrak oso garrantzitsuak izan dira: orain, haurrak ikus daitezke jolasean kalean. Aldaketak izan dira, bai, baina Oriok oraindik autentikoa izaten jarraitzen du". Arrauna ere ez da kirol ezezaguna bikotearentzat, urte luzez jarraitu baitituzte estropadak. Orio Kanpina Bandera, zehazki, itsasontzitik ikusteko aukera izan zuten duela bi aste.
Lagun asko ditu bikoteak Orion, gazte nahiz helduagoak, eta herri "oso jatorra" dela nabarmendu dute behin eta berriro. "Denbora apur bat behar du batek herriko jendea benetan ezagutzeko. Benetan bereziak dira. Baina herriaren parte garela sentiarazi digute".
Kanpin onena?
Jendeak askotan galdetzen omen die ea zein den orain arte ikuskatu duten kanpinik onena. Erantzuna: kanpin perfektua ez da existitzen, besterik gabe. "Zure beharren arabera topatuko duzu zuretzat perfektua den kanpina. Batzuentzat, esaterako, beharrezkoa da igerilekua edukitzea. Guk, berriz, garbitasuna asko baloratzen dugu; hori izaten da normalean jendearen lehentasuna ere, eta aurreneko kexak beti garbitasunari lotutakoak izaten dira. Eta uste dug arrazoi dutela", nabarmendu dute vanbeestarrek.
Dik eta Maria Herbeheretara itzuli dira dagoeneko, etxera, eta etorkizun zalantzagarria dute zain: hain zuzen ere, konpainiak kanpinak ikuskatzeko zonalde berri bat eman nahi die, Euskal Herritik urrun. Hala ere, bada argi duten zerbait: Oriora itzultzen jarraituko dute, etxean bezala sentiarazi dituzten herrira.