Arrantzako gurdi berde bat oholtza gisa hartuta, herrian batetik bestera egin zuten atzo, larunbata, Taldekako Bertso Txapelketa. Izan ere, Errikotxia bertso eskolaren asmoa izan da "bertsoak tabernatik kalera ateratzea" eta jendearengana gerturatzea.
Hamabi lagun aritu ziren bertsotan nor baino nor gehiago, hirunaka, lau taldetan banatuta, eta umorea nagusi, giro bikaina jarri zuten egun osoan zehar.
Aurreneko kanporaketa Herriko Plazan egin zuten eguerdian bi taldek: Intza Unanuek, Mikel Iruretagoienak eta Imanol Lizarazuk osatutakoak aurkari izan zituen Malen Gurrutxagak, Aitor Arregi Ximel-ek eta Egoitz Eizagirrek osatutako taldea. Aurreneko hirukotea sailkatu zen iluntzeko finalera.
Kanporaketa horretan Ekiñe Saizar eta Leize alaba aritu ziren gai jartzaile.
Gonbidatu bereziak ere izan zituzten, kantujirako kuadrilla, hain zuzen, eta hala, saioa bukatu eta epaimahaikideek erabakia hartu bitartean, pare bat bertso sorta abestu zituzten elkarrekin, eta bazkalaurretik ere elkarrekin ibili ziren kantu kantari.
Rosi Lazkanori aitortza
Goizeko saioaren ondotik, Sukia jatetxean bildu ziren partaideak eta hainbat bertsozale, bazkalostean bigarren kanporaketari ekiteko, 40 lagun inguru.
Eñaut Amenabar, Jokin Zumeta eta Iker Gurrutxaga hirukotea lehiatu zen han, Haizea Gurrutxagak, Ganix Minerrek eta Iñaki Gurrutxagak osatutako taldearen kontra. Gai jartzaile, berriz, Maddi Etxeberria ibili zen.
Bi Gurrutxaga anaien arteko lehian, Iker gailendu zen, finalera pasatuz.
Ezustekorik ere egon zen Sukian, Rosi Lazkanori bertso sorta bat kantatzeko eskatu baitzioten, eta aitzakia horrekin, Errikotxiak omenaldi txiki bat egin baitzion. "Errikotxiako aurreneko labealdikoa izan zen, eta guretzat erreferentzia oso inportantea emakume heldu bat izanik. Bertso eskola batek izan behar duen hori guztia oso ondo biltzen du Rosik". Zapi eta oroigarri bat eman zioten.
Sukiatik plazarantz abiatu aurretik, Maddi eta Uxue Etxeberria ahizpek kopla batzuk kantatu zituzten gitarraren laguntzarekin.
Finalean giro eta umore ona nagusi
Finala 20:30ean hasi zen Endaia plazan. Eñaut Amenabar, Jokin Zumeta eta Iker Gurrutxaga lehiatu ziren Intza Unanue, Mikel Iruretagoiena eta Imanol Lizarazuren kontra. Ia bi ordu iraun zituen finalak, nahiz eta azkar pasa zitzaien han bildu ziren bertsozaleei. Jende dezente elkartu zen eta gozatua hartu zuten bertsolarien ateraldiekin.
Jone Arruabarrena aritu zen gai jartzaile, eta ariketen artean, pertsonaia ezkutua aurkitu behar izan zuten bi taldeek. Jorge Oteiza asmatu behar izan zuen Imanol Lizarazuk kideei galderak eginda, eta Maialen Lujanbio, berriz, Iker Gurrutxagak.
Agurreko bertsoan, Gurrutxagak barrez jarri zituen entzuleak, amari barkamena eskatu baitzion familiako hiru kide lehiatu eta bakarrak ere ez zuelako lortu txapela bururatzerik.
Txalo gehien, ordea, finaleko bi gaztetxoek jaso zituzten, Intza Unanuek eta Eñaut Amenabarrek, oholtzara ateratzeko ausardia erakusteagatik.
Txapela urtebetez gordeko dute irabazleek etxean, baina hurrengo urtean berriz txapelketa egiteko asmoa du Errikotxiak, eta aurtengo txapel horiek beraiek izango dira urtez urte buru desberdinak estaliko dituztenak.
Finalaren aurretik eta ondoren, trikiti doinuek hartu zuten plaza ingurua, Jon Ostolaza eta Jon Eskuderoren eskutik, gau giro ederra luzatuz.
(Argazkiak: Errikotxia eta Onintza Lete Arrieta)