Goxo hartu dute oriotarrek Karmengo Ama

Onintza Lete Arrieta

Arrantzaleen familiak eta bestelako herritarrak elkartu dira arratsaldean moilan itsasoko zaintzaileari gorazarre egiteko. Orio B trainerua uretan zen bedeinkapena jasotzeko, eta aurrez, elizkizuna izan da parrokian. Hunkituta egon da herritar bat baino gehiago. 

Elizkizun berezia, prozesioa, lore eskaintza, bedeinkazioak eta aurreskua. Hori guztia izan da gaur arratsaldean Bariko San Nikolas parrokian hasi eta moilan amaitu den Karmengo Amaren Egunean. 

Arrantzaleen familiak eta bestelako herritarrak elkartu dira moilan itsasoko zaintzaileari gorazarre egiteko. Orio B trainerua uretan zen bedeinkapena jasotzeko, eta aurrez, elizkizuna izan da parrokian. Han, ohi bezala, kandela bana piztu da herriko bapore bakoitzeko, baita herriko traineruengatik ere. Gaurkoan, gainera, Virgen Carmeli baporearen maketa jarri dute ikusgai Karmengo Amaren irudiaren oinetan. Jexux Mari Peronak egin du, gaurko egunerako propio. Ikus hemen maketari buruzko artikulua. 

Bai elizan, bai prozesioan nahiz moilan, hunkituta egon da herritar bat baino gehiago. Ekitaldia amaitzeko, loreak –hortentsiak– bota dituzte erriora herritarrek. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide