Etenaldi luzearen ondoren, larunbatean itzuliko da Taldekako Bertso Txapelketa Oriora, eta egun osoko egitaraua antolatu du Errikotxia bertso eskolak horren bueltan.
2015. urtearen bueltan egin zuten bigarren eta azken edizioa. Garai hartan, Korrikarekin batera egiten zuten, bi urtetik behin, baina etenaldiaren ostean, "bertso taldea desegin" egin zela dio Iñaki Gurrutxagak. Aurten, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa egin dutela eta, helduen taldea berriro aktibatu dute, eta horrek txapelketa berreskuratzeko aukera paregabea eman die. Bertso eskolaren lana herriari erakutsi nahi diote, eta horretarako, "bertso eskolaren irudia erakusteko eta harremanak egiteko eta sendotzeko", berreskuratu dute txapelketa.
Aurtegoa, berezia
Aurtengoa berezia izango dela onartu du Gurrutxagak. Izan ere, txapelketaren itzulera izateaz gain, lehenengo aldiz bertso eskolako gaztetxoenek parte hartuko dute. "Lehen, soilik helduen bertso eskolak hartzen zuen parte. Orain, gaztetxoen zein helduen eskolak elkartuko ditugu". Guztira hamabi bertsolari ariko dira lehian, lau taldetan banatuta.
Lehen, txapelketa tabernetan egiten zuten, baina oraingo honetan kalera aterako dute. "Zerbait itxia izan beharrean, irekia izatea" nahi izan dute antolatzaileek, "jende gehiagorengana" iristeko asmoz. "Jendea pasatzen den tokietan egongo gara, eta jende hori ere entzuten gelditzea espero dugu", aitortu du Gurrutxagak.
Beharrezko erakusleihoa
Antolakuntzan aritzeaz gain, bertsotan ere aritzen direla erakutsi nahi dute Errikotxiakoek, eta uste dute horretarako "erakusleiho polita" izan daitekeela txapelketa.
Herriko beste eragile batzuk ere gonbidatu dituzte ekitaldira Errikotxiakoek. Izan ere, Gurrutxagaren hitzetan, "urte osoan egiten ditugun kolaborazioak Taldekako Bertso Txapelketara ere ekarri nahi genituen".
Antolakuntzaren helburua txapelketari jarraipena ematea da, eta berriz Korrikarekin lotzea "polita" izango litzatekeela diote. Hala ere, Gurrutxagak azpimarratu du "bi urteren ondoren dena berriz martxan jartzea kostatu" egiten dela.
Egitaraua
Errikotxia bertso eskolak egitarau oparoa antolatu du larunbaterako. 12:00etan ekingo diote lehenengo kanporaketari, Herriko Plazan, eta ondoren, elkarrekin bazkalduko dute Sukia jatetxean 40 lagun inguruk. Bigarren kanporaketa jatetxean bertan egingo dute, bazkalondoan.
20:30 aldera, final handia egingo dute Endaia plazan. Eta eguna festa giroan amaitzeko, erromeria egingo dute bertan, Jon Ostolaza trikitilariaren laguntzarekin.
Hainbeste urteko etenaren ondoren, "pixka bat urduri" daude antolatzaileak, ez baitakite nolako harrera izango duen txapelketak, ezta haren bueltan zenbat jende elkartuko den ere. Bigarren hasiera honetan, entzule gehiago, eta nola ez, "giro ona" espero dituzte.