Erreginaren Kopara sailkatu dira Orioko Bate Bizkorrak

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 15a

Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalariak. (utzitakoa)

Asteburuan Nafarroako Izaga taldearen aurka lortutako garaipenari esker, Orioko sofbol taldeak Erreginaren Kopara sailkatzea lortu du. Txapelketa irailaren 5ean eta 6an jokatuko da, eta oriotarrekin batera, Viladecans (Katalunia), Dridma (Madril) eta Rivas (Madril) lehiatuko dira. 

Urrezko Sofbol Liga Nagusiaren azken jardunaldia jokatu dute asteburuan Orioko Bate Bizkorrek (OBB) Nafarroako Izaga taldearen aurka. Jardunaldiko lehen partida ez zen erraza izan oriotarrentzat. Izan ere, ez zuten egunik onena izan defentsako lanean, eta hainbat akatsen ondorioz, Izaga markagailuaren aurretik jarri zen. Hori horrela, nafarrek tartea handitzea lortu zuten, eta partida garaiz aurre amaitu zen seigarren sarreran, 1-8 emaitzarekin.

Bigarren partida, ordea, bestelako gogoz hasi zen. Hasiera-hasieratik, etxekoak lasterketak pilatzen hasi ziren eraso joko bikain bati esker. Atal honetan Amane Erkiziaren lana nabarmendu zen, guztira lau lasterketa bultzatu baitzituen. Izagak ezin izan zuen ezer gutxi egin Igone Etxeberriaren aurka; izan ere, lan bikaina egin zuen jaurtitzailearen pean, eta no-hit no-run partida bat sinatzea lortu zuen. Egoera horren aurrean, nafarrek ez zuten partidaren agintea hartzeko aukerarik izan eta OBBk lortu zuen garaipena, bosgarren sarreran. Bigarren partida honetako markagailua 7-0koa izan zen oriotarren alde.

Garaipen honi esker, euskaldunek laugarren postuan amaitu dute liga eta Erreginaren Kopara sailkatzea lortu dute. Txapelketa irailaren 5ean eta 6an jokatuko da, nahiz eta egoitza oraindik zehazteke dagoen. Kopan, oriotarrekin batera, Viladecans (Katalunia), Dridma (Madril) eta Rivas (Madril) lehiatuko dira.

Orioko lantalde osoak ligan zehar egindako lan bikaina nabarmendu nahi izan du; jokalari bakoitzak behar zen unean bere ahalguztia eman duela eta taldearen batasun handia agerian geratu dela adieraziz.

Gainera, Sara Loidi jokalaria eta Patxi Arnal entrenatzailea Espainiako 22 urtez azpikoen selekzioarekin Europako Txapelketan lehiatuko dira, Txekiako Ostrava hirian, uztailaren 20tik 26ra bitartean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide