Ikasten jarraitzeko gogoa, oraindik bizirik

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 17a

Aurtengo Esperientzia Eskolan aritu den herritar taldea. (Onintza Lete Arrieta)

Hogei urte inguru daramatza Orioko Esperientzia Eskolak 50 urtetik gorako herritarrentzat topagune eta ikasgela izaten. Pandemiak parte hartzaileen kopuruan eragin handia izan bazuen ere, egitasmoak martxan jarraitzen du gaur egun, eta antolatzaileek jendea animatu nahi dute, zalantzak alde batera utzi eta eskolak probatzera. Ekaineko Aia-Orio Guka aldizkariko erreportajea da honakoa. 

Dagoeneko ia hogei urte igaro dira Orioko Esperientzia Eskola sortu zutela. Hain zuzen ere, 2007. urtekoak dira elkarteko kideek gordeta dituzten dokumentu zaharrak. Zer da, ordea, esperientzia eskola bat, eta zer irakasten dute bertan? Bada, 50 urtetik gorako herritarrei zuzendutako egitasmoa da, eta partaideei elkarrekin esperientziak trukatzeko saioak eskaintzen zaizkie. Astean behin elkartzen dira, bi orduz, Orioko Herri Ikastolako DBHko eraikinean, era guztietako gaiak lantzeko. Besteak beste, osasuna, literatura, filosofia edota psikologia lantzen dituzte. Gainera, saioez gain, hitzaldiak eta irteerak ere egiten dituzte. "Gure bilobei esaten diegu eskolara joaten garela, baina azterketatik gabe, noski! Jeloskor jartzen dira hori entzutean", diote barrez eskolako kideek. "Hemen harreman onak izaten ikasten dugu, eta ikasgelatik piztuta ateratzen gara". Eskola saio baten amaieran gelditu dira kazetariarekin, aurrena taldeko hiru, baina azkenerako, dozena bat lagun elkartu da mahaiaren bueltan.

Badira egitasmoa sortu zenetik eskoletara joaten aritu diren herritar batzuk; beste batzuk, aldiz, urteak igaro ahala joan dira batzen, beste parte hartzaile batzuek gomendatuta edo "zerbait berria" probatu nahian. Mertxe Bengoetxea da eskolan denbora gehien daraman kidea. Hasiera batean, "jakin-min hutsagatik" batu zen taldera, eta geroztik, aurrera jarraitu du. "Egitasmoa sortu zenetik, asko aldatu da funtzionatzeko dugun modua, batez ere, jorratzen ditugun gaiak. Bakoitzak bere interesak ditu, eta bata bestearengandik ezberdina da. Aurten, astero ari gara biltzen", azaldu du hark. Urrian hasten dute ikasturtea, eta aurten, Pepa Bojo psikologoaren saio batekin ekin zioten bideari. Hark "ikasketa oso interesgarriak" eman zizkiela kontatu dute taldeko kideek. "Musika irakasten digun Xabier Lizaso ere etortzen da noizbehinka, eta Jose Domingo ere etorri zen saio batera, gurekin batera liburu bat lantzera. Horrela ibiltzen gara; astero-astero elkartzen gara DBHko eraikinean, bi orduz, eta egia esan, oso talde sendoa dugu. Adineko jendea motibazio handiarekin etortzen da, eta horrek guri ere indarra ematen digu aurrera jarraitzeko", gehitu du Mari Jose Eizagirre eskolako diruzainak.

"Gure leloa ere argi dugu: 'Hemen hitz egiten duguna, hemen geratzen da'"

Nola funtzionatzen du, ordea, soilik adineko pertsonez osatuta dagoen elkarte batek? Bada, Maria Vitoria Etxeberria da elkarteko lehendakaria, eta Begoña Sarasua, berriz, idazkaria. Eizagirre, aipatu bezala, diruzaina da, eta hiruren artean askotariko erabakiak hartzen dituzte, besteak beste, astero landuko dituzten gaiak edota saioetara etorriko diren gonbidatuak zehaztu. "Lau bat urte daramatzat taldean, Mertxe Bengoetxeak egiten zituen lanei jarraipena ematen, eta guk erabakitzen dugu zein hizlari ekarri, aurreko ikasturtetik zer gustatu zitzaigun eta zein gai nahiko genukeen errepikatu kontuan hartuta", kontatu du Eizagirrek.

Esperientzia Eskolako parte hartzaileak, liburuak eta arkatzak mahai gainean, aurreko hilabeteko saio batean. (Onintza Lete Arrieta)

Aurtengo ikasturtean hemeretzi bat herritar elkartu dira Esperientzia Eskolan. Erabakiak WhatsApp-eko taldean hartzen dituzte, baita zalantzak argitu edota galderak egin ere. "Hori da komunikatzeko erabiltzen dugun kanala", esan dute. Adin tarteari dagokionez, 67 urtetik 92 urtera arteko kideek osatzen dute taldea, eta aurreko urteetan bezala, guztiak emakumeak dira. "Aurreko edizioetan pare bat gizon ere izan ziren gurekin, baina pandemia tarteko, utzi egin zioten etortzeari. Dena den, oso gustura aritzen ziren". Talde polita sortu dute, eta ekainean, ikasturtea amaitzen dutenean, irteera bat egin ohi dute. Esaterako, iaz Getarian izan ziren Cristobal Balentziaga museoa bisitatzen, eta ondoren, elkarrekin bazkaldu zuten. Aurtengo ikasturtearen amaierari begira, erabakitzeko dute oraindik irteera nora egin. "Ez dugu zehaztu oraindik, baina aukera bat da Zumaiako flyscha ezagutzera joatea, baita Oñati ingurura joatea ere. Orioko Udalak horretarako laguntzak ematen dizkigu, eta oso pozik elkartzen gara denok", adierazi dute.

Mari Jose Eizagirre, elkarteko diruzaina: "Jendea motibatuta etortzen da; horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko"

Ekainean, azterketen garaia amaitu ostean, Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta herri eskolako DBH 4. mailako ikasleekin trukea ere egiten dute. "Guk, Aldapa elkarte gastronomikoko sukaldera eramaten ditugu, bazkaria nola egiten den erakusteko, baita josten eta eskulanak egiten irakasteko ere. Haiek, trukean, guri telefonoak eta ordenagailuak nola erabiltzen diren irakasten digute". Elkartrukea esperientzia "oso polita" izaten dela kontatu dute taldekideek, eta "oso harreman polita" sortzen dela gazteen eta helduen artean. Euskararen Egunean ere, taldeko kideak ikastolara joaten dira taloak egiten irakastera, eta Santo Tomas egunean gauza bera egiten dute, baina Zaraguetan. "Poza ematen digu ikasleek kalean ikusi eta agurtzen gaituztenean; gazteekin horrelako loturak sortzeak bizipoza ematen digu".

Leku segurua

Esan bezala, asko dira Esperientzia Eskolan jorratzen dituzten gaiak, eta partaideek ere askatasun guztia dute interesa duten gaiak proposatzeko. Esaterako, batzuetan Pepa Bojo psikologoa joaten da saioetara, eta harekin, egunerokoan izan ditzaketen arazoei aurre nola egin ikasten dute, baita memoria lantzen ere. "Oso ondo etortzen zaizkigu horrelako ariketak, egia esan". Filosofo baten bisita ere jaso izan du taldeak, eta harekin batera, solasaldiak egiteko edota literaturaz aritzeko tartetxoa izaten dute. "Liburuak eta idazleak gomendatzen dizkigu. Guk denbora labur bat izaten dugu gomendatutako liburua irakurtzeko, eta ondoren, harekin batera, sakondu egiten dugu. Xabier Lizaso ere etortzen da musika saioak eskaintzera, eta dantzan aritzen gara elkarrekin. Batzuk ikasten ari gara oraindik", zehaztu dute.

"Poza ematen digu ikasleak kalean ikusi eta agurtzen gaituztenean; gazteekin horrelako loturak sortzeak bizipoza ematen digu"

Aurten, adibidez, nortasuna, sexualitatea eta helduaroko bakardadea jorratzen dituen Maspalomas pelikula ikusi dute Kultur Etxean. "Anuska Esnal alkateak prestatu zigun proiekzio hura, eta orain, Los Domingos filma ere ikusi nahi dugu, baina eguna eta ordua zehazteko ditugu oraindik". Proiekzioaren ostean, ikusitakoaren laburpen bat egin behar izaten dute, ikus-entzunezkoak sorrarazi dizkien emozioak azaleratzeko. "Bakoitzak bere ikuspuntutik kontatzen ditu filma ikusten bizi izan dituen sentsazioak".

Esperientzia Eskolako parte hartzaileak Ikastolako eta Zaraguetako ikasleekin iazko ekainean egindako bazkarian. (utzitakoa)

Orio bezalako herri txiki batean, herritik irten gabe horrelako esperientziak bizitzeko aukera izatea "luxua" dela iritzi diote taldekideek. "Ez dakigu jende gehiago nola ez den animatzen izena ematera. Uste dut eskolan hitz egiten duguna gero kalean komentatuko dugun kezka izaten dutela. Guk, ordea, konfiantza sortu dugu gure artean, eta argi dugu leloa ere: Hemen hitz egiten dena, hemen geratzen da. Gure kezka eta arazo guztiak mahaigaineratzen ditugu, eta hori posible izan dadin, espazio seguru bat sortu dugu".

Elkarteko kideek adineko herritar guztiak animatu dituzte eskolako saio bat probatzera, batez ere, jendeak zer egiten duten eta zertaz aritzen diren jakitea nahi dutelako. Taldeko kide batzuen aburuz, ordutegiarekin zerikusia izan dezake herritar hainbat parte hartzera ez animatzeak. "Lehen, 14:00etatik 16:00etara elkartzen ginen; orain, aldiz, 14:45etik 16:30era egiten ditugu saioak. Ordutegi hori ez du mundu guztiak gustuko, baina ordu ederra da berez; ez du galbana ematen".

Halaber, taldekideek argitu dute ez dutela saio guzti-guztietara bertaratzeko konpromisorik eskatzen. "Partaide bakoitzak, bere ordutegiaren eta betebeharren arabera, erabaki dezake noiz etorri eta noiz ez, baina konpromisoak ere laguntzen digu saioak antolatzeko orduan".

Komunitatea sortuz

Asko ematen die herritar horiei Esperientzia Eskolak. Partaide gehienak "ikasteko gogoarekin" joaten dira saioetara, eta horretarako, gonbidatu bereziak izaten dituzte noizbehinka. "Adibidez, etorri izan dira suhiltzaileak sua nola itzali behar den azaltzera. Psikologoak, berriz, memoria lantzeko aholkuak ematen dizkigu, eta egia esan, gure adinean asko eskertzen da horrelako zerbitzu bat jasotzea. Etortzen diren gonbidatu guztiak oso kualifikatuak dira, eta oro har, egunerokoan beharrezkoak diren gauzak ikasten ditugu haiekin. Beraz, esperientzia oso aberasgarria da". Dena ez da ikastea bakarrik, ordea. Hain justu, aisiari ere leku berezia ematen diote Esperientzia Eskolan, eta musika eta dantza bezalako diziplinak ere lantzen dituzte.

Esperientzia Eskolako kideak iaz, Cristobal Balentziaga museora egindako bisitan. (utzitakoa)

Eskolatik haratago, adineko pertsonek bizitza soziala egin ahal izateko leku paregabea ere bada bilgunea. Hala iritzi dio Venezuelatik etorria den Elena Rojasek. "Esperientzia Eskolako atzerritar bakarretakoa naiz ni, eta hasieratik sentitu naiz taldean ongietorria. Gustura joaten naiz ikasgelara, eta entretenitzeaz gain, bizitza soziala ere egiten dut". Taldeko beste kide asko ere ez dira Orion jaioak: batzuk Aginagatik etorriak dira, besteak Tolosatik, baina denek iritzi diote Orio bizitzeko herri "oso erosoa" dela eta denetarik eskaintzen duela. "Txikia den arren, garraio publikoa ere badu. Zentzu horretan, oso erosoa da guretzat herria. Gainera, Orion ez dugu sentitzen Zarautzen senti daitekeen estutasun sentsazio hori".

"Geure artean oso ezberdinak izan gaitezke, baina beti errespetuz egiten diogu besteari"

Astero bi orduz elkartzen dira, bai, baina ikasgelatik at batzeko joera ere badute. "Klasea amaitzean, kafe bat hartzera edota paseora joaten gara. Bakoitzak bere bizitza du hemendik kanpo, noski, baina denok Orion bizi garenez, elkartzeko erraztasunak ditugu. Eskolari esker, bestelako harremanak sortu ditugu; aurretik ezagutzen ez genituen pertsonak sakonago ezagutzeko aukera eman digu eskolak. Ireki egiten gara, eta loturak sortu dira gure artean. Iritzi ezberdinak ditugun arren, elkarrekiko errespetua lantzen ikasi dugu", adierazi dute. Argi dago, parte hartzaileen artean eztabaidatzeko konfiantza ere badutela. "Elkarrekin igarotzen dugun denbora tarteko, konfiantza sortu da gure artean, eta geure oso ezberdinak izan gaitezke, baina beti errespetuz egiten diogu besteari".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide