Meza, prozesioa eta lore eskaintza egingo dituzte ostegunean, Karmengo Amaren egunean

Onintza Lete Arrieta

Iaz, Amabirjinaren irudia lorez inguratuta moilan, eta Orioko gizonezkoen trainerua uretan. (Onintza Lete Arrieta)

Mezetan hildako arrantzaleak eta arraunlariak oroituko dituzte kandelak piztuz, eta ondoren prozesioa egingo dute moilara. Han dantzariek aurreskua dantzatuko diote Amabirjinaren irudiari. 

Karmengo Amaren eguna izango da uztailaren 16a, osteguna, eta urtero bezala, aurten ere ospakizuna izango da Orion. Arrantzaleen familiek Karmengo Amaren irudia lorez eta itsasoko motiboez apainduko dute, eta  18:00etan elizkizuna egingo dute parrokian. Meza horretan herriko bapore bakoitzeko kandela bat piztuko dute, nork bere hildako arrantzaleak gogoratzeko, eta traineruentzako ere piztuko dute kandela, hildako arraunlarien alde.

Meza amaitzean,18:30 inguruan, prozesioan joango dira moilara. Han talde batek aurreskua dantzatuko dio Amabirjinaren irudiari, eta ziurrenik Orioko traineruren bat gerturatuko da, apaizaren bedeinkapena jasotzeko. Prozesioaren amaieran, Karmengo Amaren eskapularioak bedeinkatuko dituzte, eta eskuragarri egongo dira nahi duenarentzat. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide