Gaur goizean hasi da Donosti Cup 2026 futbol txapelketa, eta azken urteetan bezala, Orioko Mendibeltz futbol zelaian jokatuko dituzte lehen faseko zenbait partida. Zehazki, gaurtik larunbatera bitartean jokatuko dituzte neurketak Mendibeltzen Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait taldek.
Aurreneko norgehiagoka 10:00etan ze hastekoa, baina bero handia zegoen iragarrita gaurko, eta horregatik, ordubete aurreratu dute hitzordua, eta 09:00etan hasi da aurreneko partida.
Honako lotura honetan ikus daitezke Mendibeltz zelaian jokatuko dituzten partiden egutegiak.
15.000 jokalari baino gehiago
15.000 jokalari baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo txapelketan, eta guztira, 2.254 partida jokatuko dituzte. Horretarako, Euskal Herriko 60 zelai baliatuko dituzte, tartean eskualdekoak.
Aurtengo edizioak, gainera, marka guztiak hautsiko ditu, 32 herrialdetako 910 talde bilduko ditu eta. Hala, txapelketaren historiako ediziorik nazioartekoena izango da 2026. urtekoa. Guztira, nazioarteko 90 herrialdetako kideak bilduko ditu aurtengo txapelketak; esaterako, lehen aldiz parte hartuko dute Donosti Cup-en Angolako, Hong Kongeko, Estoniako, Mongoliako, Malaysiako, Poloniako, Puerto Ricoko eta Uruguaiko taldeek.