Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak etxean jokatu zuen asteburuan Ohorezko Mailako Sofbol Liga Nazionalaren bigarren itzuliko hirugarren jardunaldia, Dridma talde madrildarraren aurka. Bi neurketetan lehia handia izan zen, baina puntuak bisitarien esku geratu ziren azkenean.
Lehen partida "oso parekatua" izan zen hasieratik amaierara. OBBk lehen sarreran hartu zuen aurrea, karrera bat lortuta, eta 1-0eko emaitzari eutsi zion hirugarren sarrerara arte. Orduan, Dridmak bi karrera egin zituen eta markagailuari buelta eman zion. Oriotarrek "berdinketaren bila" jardun zuten azken unera arte, baina ez zuten puntu gehiago eskuratzea lortu. Hala ere, aurkariari ere ez zioten aukerarik eman, eta partida 1-2ko emaitzarekin amaitu zen.
Bigarren neurketa ere "oso lehiatua" izan zela kontatu dute, nahiz eta oraingoan bi taldeek erasoan "eraginkortasun handiagoa" erakutsi zuten. Lehen sarreran bertan, Sara Loidik lehen karrera bultzatu zuen eta Lidia Barrerasek bigarrena. Gainera, Barrerasek berak hirugarren puntua ere lortu zuen, Dridmako jaurtitzailearen "jaurtiketa deskontrolatu baten ondorioz".
Madrildarrek, ordea, berehala erantzun zuten eta hiru karrera egin zituzten markagailua berdintzeko. Laugarren sarreran, Amane Erkiziak berdinketa hautsi zuen beste karrera bat bultzatuta, eta bosgarrenean OBBk aldeari handitzea lortu zuen, puntu horietako bat berriro ere Erkiziaren hit bati esker. Oriotarrak 6-3 ari ziren nagusitzen seigarren sarrerara arte, baina une horretan Dridmak erreakzionatu eta hiru karrera egin zituen partida berriro berdintzeko. Azkenik, zazpigarren sarreran garaipeneko karrera lortu zuten bisitariek, eta bigarren neurketa ere euren alde eraman zuten.
Datorren asteburuan, OBB Bartzelonara joango da bigarren itzuliko laugarren jardunaldia jokatzera. Oriotarrek Viladecansen aurka neurtuko dituzte indarrak.