Aitor Iturralde: "Aukera honek balio izan dit Euskal Herritik kanpo ere atleta onenen mailan nagoela ikusteko"

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 1a

Aitor Iturralde, lasterketa batean, helmugatik irtetzear. (utzitakoa)

Kamel Ziani Atletismo Taldeko Aitor Iturraldek (Orio, 1991) zilarrezko domina eskuratu du asteburuan Madrilen jokatu den Espainiako Master 35 Atletismo Txapelketan. Garaipenarekin batera, bere marka pertsonala hobetzea ere lortu du, eta emaitzarekin "oso gustura" dago.

Espainiako Master Atletismoko Txapelketan zilarrezko domina eskuratu duzu asteburuan. Zer sentsazio izan dituzu helmuga zeharkatu eta bigarren postua ziurtatu duzula ikusi duzunean?

Kristoren poza sentitu nuen helmuga zeharkatu ostean. Probako parte hartzaileen maila ikusita, banekien ia ezinezkoa izango zela lehen postua lortzea. Bigarren edo hirugarren postuan amaitzea ere oso zaila ikusten nuen, baina aukera txiki bat banuen, eta niretzat, nire aukeren barruan, bigarren postuan amaitzea izan da lor nezakeen gehienekoa.

Lasterketan 1.54,99ko denbora egin duzu. Pozik al zaude markarekin?

Oso gustura nago markarekin. Izan ere, aurten lortutako markarik onena 1.55,45 zen; beraz, urteko marka pertsonalik onena egitea lortu dut, nire marka absolututik oso gertu geratuta.

Nola planteatu zenuen lasterketa hasieratik? Aurreikusi bezala atera al zen?

Lasterketa hauetan posizionamendua oso garrantzitsua izaten da. Hori kontuan hartuta, argi nuen irteeran gogor atera behar nuela, ondo kokatzeko. Ondoren, azken 200 metroetan nire buruarengan konfiantza izan behar nuen. Dena nik nahi bezala atera zen, eta azken 200 metroetara lehen taldean iritsi nintzen helmugara. Espero ez nuena lasterketaren erritmoa izan zen; izan ere, oro har, txapelketetako lasterketak motelagoak eta taktikoagoak izaten dira, baina kasu honetan oso azkarra izan zen. Horrek ezustean harrapatu ninduen.

Zein izan zen probako unerik gogorrena?

Momenturik gogorrenak azken 400 metroetatik aurrera bizi izan nituen. Asko sufritu nuen, eta une batean burutik pasa zitzaidan lehen taldetik atzean geratzea eta amore ematea.

Zer balio ematen diozu Espainiako Txapelketa batean zilarrezko domina lortzeari?

Aukera honek balio izan dit Euskal Herritik kanpo ere atleta onenen mailan nagoela ikusteko.

Nolakoa izan da txapelketa honetara iristeko prestaketa?

Helburua maiatzaren amaieratik ekainera bitartean sasoi onean iristea izan da, senior mailako hainbat lasterketatarako prest egoteko. Izan ere, hasiera batean ez nuen pentsatzen Espainiako Master Txapelketan lehiatuko nintzenik, ez nekielako sailkatuko ote nintzen. Prestaketa gogorra izan da; astean bi entrenamendu gogor egin behar izan ditut Lasarteko (Gipuzkoa) atletismo pistan. Gainera, aurten bereziki bakarrik entrenatu behar izan dut, eta motibazioari dagokionez, bakarrik aritzean exijentzia maila mantentzea zailagoa izaten da.

Adinarekin esperientzia irabazten da, baina gorputzak ere gehiago eskatzen du. Nola bizi duzu master kategorian lehiatzea?

Egia esan, ez dit grazia handirik egiten "master" hitzak. Izan ere, urte osoan senior mailan lehiatzen naiz. Dena den, aurten 35 urte bete ditudanez, aukera izan dut Euskadiko eta Espainiako master txapelketetan parte hartzeko. Baina nik benetan urte osoan senior mailan lehiatzen dut, eta gehien betetzen nauena da gaur egun ere, Gipuzkoako zein Euskadiko senior txapelketetan, ni baino 10 edo 15 urte gazteagoak diren kirolarien aurka aritzea eta oraindik lehiakorra sentitzea. Horrek betetzen nau benetan.

Zein helburu dituzu denboraldi berriari begira?

Azken lasterketa honekin denboraldia amaitutzat ematen dut, eta datorrenari begira, helburua aurtengo mailari eustea izango litzateke, baita, zergatik ez, pixka bat hobetzea ere.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide