Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana izango dute hizpide biharko udalbatzarrean

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 24a

'Bizitza askeak plazer' leloa, Orioko udaletxeko balkoian (Onintza Lete Arrieta)

Bilkura, ohi bezala, 19:30ean hasiko da udaletxeko udalbatzar aretoan, eta atari honetan zuzenean ikusteko aukera egongo da. Bozkatuko dituzten puntuen artean dago 2026-2029 aldirako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Planari buruzkoa.

Orioko udalbatzak ekaineko ohiko bilkura egingo du bihar, osteguna, 19:30ean hasita udaletxeko udalbatzar aretoan. Ohi bezala, saioa zuzenean atari honetan ikusteko aukera egongo da. Bozkatuko dituzten puntuen artean dago, besteak beste, 2026-2029 aldirako emakume eta gizonen berdintasunerako planari buruzkoa.

Gainera, Orioko udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare publiko bat instalatzeko emakida kontratuaren adjudikazioa ere egingo dute bihar. Martxoko ohiko bilkuran eman zuen udalak proiektu horren berri, zehazki. Herrian lau puntu egotea aurreikusten da, eta horiek instalatzeko, mantentzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko esleipena egingo dute bihar. Espazio publikoetan azkar eta erdi-azkar kargatzeko estazioa jartzea da helburua, gaur-gaurkoz ez baitago halako zerbitzurik Orion 

Hori horrela, honako puntuak bozkatuko dituzte udalbatzarrean:

  1. Onartzea, egoki bada, 2025eko ekitaldi ekonomikoko aurrekontuaren kontu orokorra.
  2. Onartzea, egoki bada, udal aurrekontu propioaren 7/2026 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea, kreditu transferentzia modalitatean.
  3. Onartzea, egoki bada, udal-aurrekontu propioaren 8/2026 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea, kreditu gehigarria modalitatean.
  4. Adjudikatzea, egoki bada, Orioko udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko sare publiko bat instalatzeko, mantentzeko eta ustiatzeko hiri espazio publikoaren erabilera pribatiboko jabari publikoko emakida-kontratua.
  5. Onartzea, egoki bada, 2026-2029 aldirako emakume eta gizonen berdintasunerako III. Plana.
  6. Onartzea, egoki bada, Orioko herriko jaieguna 2027. urterako.
  7. Onartzea, egoki bada, udal mozioa Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenari buruz.
  8. Eskariak eta galderak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide