Euskalmetek ezarritako alerta laranja dela-eta, Orioko Udalak eta Harribil dantza taldeak hainbat aldaketa egin dituzte Sorgin Gauaren egitarauan, ekitaldia "ahalik eta modu seguruenean" egin dadin. Hain zuzen ere, sorginak ordubete beranduago aterako dira Bikamiotatik kalejiran, zehazki iluntzeko 22:00etan, eta ibilbidean hiru geldialdi egingo dituzte. 23:00etan, berriz, suaren inguruko dantza egingo dute ikastola pareko plazan.
Bestalde, baso suteak izateko arriskuak direla eta, Eusko Jaurlaritzak baso masetatik hurbil dauden guneetan San Joan suak ez pizteko gomendioa helarazi die udalei. Gomendio horri jarraituz, udalak debekatu egin ditu auzoetako San Joan suak. Udalak herritarrei eskerrak eman nahi dizkie ulermenagatik, eta antolatzaileen jarraibideak errespetatzeko deia egiten die, ekitaldia "segurtasunez eta normaltasunez "gauzatu dadin. Halaber, egunotan Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraitzeko eskatu die herritarrei.