Tenperatura altuak direla eta, Orioko Udalak arduraz jokatzeko deia egiten die herritarrei, eta Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko zuzendaritzak emandako gomendioak errespetatzeko eskatu die.
Gomendio horiek dira, besteak beste, eguerdiko eta arratsaldeko ordurik beroenetan eguzkitan ez egotea eta jarduera fisiko bizia saihestea; ura eta likidoak maiz edatea, egarri izan arte itxaron gabe; bero handieneko orduetan leihoak eta pertsianak itxita edukitzea, eta etxea gauez aireztatzea; dutxa edo bainu freskoak hartzea, edota aurpegia eta eskuak zapi hezeekin freskatzea; arreta berezia eskaintzea haurrei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituzten pertsonei; inoiz ez uztea pertsonarik ibilgailu itxi batean, ezta itzaletan badago ere; eta bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak gutxienez egunean behin bisitatzea edo haiekin harremanetan jartzea.
San Joan bezperako sua
Bero handiari eta baso suteak izateko arriskuari lotuta, baso masetatik hurbil dauden guneetan San Joan suak ez pizteko gomendioa helarazi die Eusko Jaurlaritzak udalei. Egoera horren aurrean, Harribilek urtero antolatzen duen ikuskizunari lotuta, elkartea eta udala Sorgin Gaua ahalik eta "modu seguruenean egiteko neurriak" aztertzen ari dira. Bihar goizean kaleratuko dute ekitaldiari buruzko oharra, xehetasun guztiekin.
Dena den, whatsappez mezu bat zabaltzen ari dira, esanez beroagatik 22:00etan hasiko dela ikuskizuna eta umeei 21:45ean bertaratu behar dutela. Harribilen saioa 23:00etan hasiko dela ere esan dute.