Zilarrezko bi domina eta brontzezko bat lortu ditu Oriok Espainiako Aulki Mugikorreko Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 21a

Zilarra eskuratu dute Uxue Olaskoaga eta Jare Millares jubenilek skull bikoan. (OAE)

Banyolesen (Herrialde Katalanak) jokatu dituzte estropadak kadeteek, jubenilek eta 23 urtez azpikoek. Orio Arraunketa Elkarteak hamalau ontzi aurkeztu ditu guztira. KAE 1 ligan, berriz, Orio B hamargarren izan da Pasaian. 

61 elkarte eta 441 ontzi lehiatu dira asteburuan Banyolesen (Herrialde Katalanak) jokatu dituzten Aulki Mugikorreko Espainiako Txapelketan. Orio Arraunketa Elkarteak hamalau ontzi uretaratu ditu, eta ez dira esku hutsik itzuliko etxera, zilarrezko bi domina eta brontzezko bat eskuratu baitituzte. Gainera, dominez aparte azpimarratzekoa da lau ontzik lortu dutela A finaletan aritzea, eta beste hiru ontzik B finalak jokatu dituztela.

Brontzea lortu duten skull lauko jubenilak. (OAE)

Kadete, jubenil eta 23 urtez azpiko arraunlarien txapelketa izan da, eta dominak honako arraunlariek jantzi dituzte: zilarrak Uxue Olaskoagak eta Jare Millaresek skull bikoitzean jubeniletan, eta Joel Lizeagak eta Ander Roigek skull bikoitzean kadeteetan. Brontzea, berriz, skull laukoan lortu dute gizonezko jubenilek: Gorka Arrojeriak, Imanol Iruretagoienak, Aimar Ikatzetak eta Axel Atorrasagastik. 

Zilarra irabazi duten kadeteak, skull bikoitzean. (OAE)

KAE 1 liga, Pasaian

Orio B taldeko gazteak bai atzo, bai gaur, azken bigarren helmugaratu dira. 22:48:45 denbora egin dute gaur Pasaian, erlojuaren kontra. Azkenean, ordea, postu bat gorago sailkatu da gaur, epaileek Astillero kaleratu egin dutelako berea ez zen beste kale batetik helmugaratu delako.

Deustuk irabazi du gaur estropada, 20:47:70 denbora eginda –hirugarren izan zen atzo–. Alde nabarmenarekin nagusitu dira bizkaitarrak, Zarautzek 20:59:00 denbora egin baitu. Atzo bezala, gaur ere hirugarren izan da Zumaia, 21:14:27 denbora eginda.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide