Kanaria uharteetan oporretan ibili eta gero, etxera itzuli berri da Maria Zaldua (Orio, Gipuzkoa, 2002). "Egin ditut egin beharreko oporrak. Orain, atseden hartu, eta familiarekin eta lagunekin egon nahi dut", azaldu du.
Bi aste pasatu dira Ro’Casarekin Espainiako Liga irabazi zenuenetik. Poza apaldu zaizu?
Txapeldun izan ondorengo lehen astean ez nuen ezer ulertzen: ez nekien non nengoen eta zer irabazi nuen; ez nintzen kontziente zer egin nuen. Orain, noizean behin gogoratzen naiz, eta zera esaten diot neure buruari: "Maria, liga irabazi duzu!". Orain badakit zein garrantzitsua den lorpen hau klubarentzat eta niretzat.
Lehen txapela duzu maila gorenean. Hori ez duzu inoiz ahaztuko.
Ez. Ro’Casara etorri aurretik bi urtez aritu nintzen Tenerifen. Zera esan nuen orduko hartan: "Ro’Casara joaten banaiz, tituluak irabaztera joango naiz". Lau urte behar izan ditut, baina prest nengoke talde honekin berriro lau urte hauek bizitzeko hau lortzeko.
Berezia izan da Bera Berari irabaztea?
Bai. Bi taldeok lehia sanoa dugu aspalditik, eta klubarentzat berezia da Bera Berari irabazi izana. Niretzat ere oso berezia da. Haurra nintzela Bera Beraren partidak ikustera joaten nintzen, eta, atsedenaldian, pistara jaisten nintzen baloi batekin jolastera. Orain, Bera Beraren aurka jokatu dut finala, eta irabazi egin diegu.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.