Herritar talde batek Espainiako bandera ez astintzea eskatu dio Orio Arraunketa Elkarteari

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 14a

Orioko arraunlariak, pasa den asteburuan irabazitako Lekeitioko Ikurrina astintzen. (Onintza Lete Arrieta)

Espainiako Traineru Txapelketa jokatuko dute Orioko arraunlariek gaur, eta estropada irabaziz gero, udaletxeko balkoian Espainiako bandera ez astintzea eskatu dio herritar talde batek klubari. Izan ere, talde horren ustetan, bandera hori "hain lasai eta eroso astintzea asimilazioaren bidean ematen den beste urrats handi bat" da.

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoak Espainiako Traineru Txapelketan lehiatuko dira gaur, Galiziako uretan, eta estropada jokatu aurretik eta "egoera berriz eman aurretik", herritar talde batek hurrengo gogoeta helarazi nahi izan dio Gukari. "Oriotar askok ilusioz eta harrotasunez jarraituko dugu arraunlarien jarduna. Gainera, beste behin ere, emaitza bikaina lortzea espero dugu, gure neska-mutilek jokatzen duten estropada bakoitzean bezalaxe".

Dena den, talde horrek adierazi duenez, iazko ospakizunek "mindu" egin zituzten. "Arraunlarien garaipena eta haien ahalegina ospatzea gauza bat da; Espainiako bandera ospakizunaren erdigunean jartzea, beste bat", nabarmendu dute. "Euskal Herria nazio gisa sentitzen dugun askorentzat, bandera horrek ez du garaipena edo harrotasuna adierazten. Ez du eta ezin du adierazi, zapalkuntza historiko baten sinboloa baita", aldarrikatu dute.

Hain zuzen ere, Espainiako bandera "hain lasai eta eroso astintzea asimilazioaren bidean ematen den beste urrats handi bat" dela sentitzen dute, eta "urte luzez gure hizkuntza, kultura eta nortasuna baztertu edo ukatu dituen estatu baten ikurra normaltasun osoz gure ospakizun kolektiboetan txertatzeak" kezka sortzen die. Izan ere, talde horren ustetan, garaipenaren poza eta arraunlarien lana aitortzea "ezinbestekoa" da, "baina ez dugu uste horretarako Espainiako bandera erdigunean jartzea beharrezkoa denik".

Horregatik, "errespetu osoz" eskatu diote Orio Arraun Elkarteari, txapelketa irabaziz gero, udaletxeko balkoian Espainiako bandera ez astintzea. Izan ere, garaipena ospatzeko "denok parteka ditzakegun" ikurrak badaudela azpimarratu dute, hala nola Orioren koloreak, herriaren bandera eta arraunaren inguruan eraikitako "harrotasun kolektiboa".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide