Munduko errefuxiatuak gogoan izateko ekintzak prestatu dituzte datozen egunetarako

Julene Sorarrain eta Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 14a

Pertsona batzuk ontzi txiki batean. (Pixabay)

Ekainaren 20an Munduko Errefuxiatuen Eguna ospatuko da, eta Guerara Orio eta Palestina-Orio taldeek askotariko ekintzak antolatu dituzte datorren asterako. Besteak beste, dokumental baten proiekzioa, errefuxiatuen mahai ingurua, musika hitzorduak eta bazkaria prestatu dituzte.

Munduko Errefuxiatuen Eguna da ekainaren 20a, larunbata, eta oriotarrek ere gogoan izan nahi dituzte gatazken eta gerren ondorioz beren etxeak eta familiak atzean utzi behar izan dituztenak. Hori horrela izanda, hainbat hitzordu eta jarduera prestatu dituzte Guerara Orio eta Palestina-Orio taldeek datozen egunetarako. Aurreneko aldiz antolatu dute herrian Errefuxiatuen Eguna.

Asteazken honetan, esaterako, Itsas Salbamendu Humanitarioaren izenean migratzaileen itsasoko erreskatean dabilen Aita Mari itsasontziaren inguruko dokumentala emango dute Salatxo aretoan, eta ondoren, solasaldia eskainiko du proiektu hori gertutik ezagutzen duen Amaia Iguaran boluntarioak.

Ostegunean, berriz, mahai ingurua egingo dute Orion bertan bizi diren errefuxiatuekin, beren esperientziak herritarrekin partekatzeko. Saharako, Palestinako, Ukrainako, Nikaraguako eta Euskal Herriko errefuxiatuek hartuko dute hitza, baita Palestinako errefuxiatuen alde lan egiten duen UNRWA elkarteko Irene Rubiok ere. Moderatzaile lanak, berriz, Malen Iturain oriotarrak egingo ditu.

Larunbaterako, berriz, festa giroko egitaraua prestatu dute, nahiz eta salaketak eta aldarrikapenak leku nabarmena izango duten orduan ere. Batetik, hainbat erakundek mahai informatiboak jarriko dituzte Herriko Plazan 11:30 aldera, eta eguerdian, manifestua irakurriko dute Errefuxiatuen Egunaren antolatzaileek. Mahaiak Zaporeak, Harrera, Ukraina-Euskadi eta Hotz Zarautz taldeek jarriko dituzte, baita herriko sahararrek eta Ugandan boluntario lanetan aritzen diren Sabin Gabilondoren Hortzagin klinikako kideek ere.

Elkartasunez, dilista jana

Herri bazkariarekin amaituko da eguna, eta errefuxiatuekin elkartasunez, dilista jana egitea erabaki dute antolatzaileek. Ostiralean jatekoa prest utziko dute, larunbatean berotu eta zerbitzatzeko. Ez dakite zenbat herritar animatuko diren bazkaritara, baina prezio sinbolikoa jarriko dute –bost euro inguru– eta 150 lagun ingururentzat jana egongo dela aurreikusi dute.

Larunbateko festan hainbat taldek hartuko du parte, eta horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek, "proposamena egin orduko baiezkoa jaso" dutelako haien partetik. Esaterako, Orioko Txarangak kalejira egingo du egitarauari hasiera emateko, herriko trikiti taldeak bazkaria girotuko du, eta horren aurretik, kaleak kantuz jantziko dituzte Salatxo eta Eresmin abesbatzetako kideek. Gukak, berriz, marrazki eta txapa txokoa jarriko du etxeko txikienentzat eguerdi partean.

Ez dakite aurten abiatutako egitasmoak jarraipenik izango duen hurrengo urteetan, baina herritarrei eskatu diete parte har dezatela gaur hasi eta larunbatera arte egingo dituzten ekintzetan, Orion bertan nahiz mundu zabalean bizi diren milioika errefuxiatuei babesa adieraziz.

Egitaraua

Ekainak 17, asteazkena

  • 19:00. Aita Mari itsasontziari buruzko dokumentalaren proiekzioa, eta ondoren, solasaldia, Salatxo aretoan.

Ekainak 18, osteguna

  • 19:00. Mahai ingurua, errefuxiatuek beren bizipenak herritarrekin partekatzeko, Salatxo aretoan. Sahara, Palestina, Ukraina, Nikaragua eta Euskal Herriko errefuxiatuek parte hartuko dute. Baita UNRWA erakundeko kide batek ere. 

Ekainak 20, larunbata: Munduko Errefuxiatuen Eguna

  • 11:00. Kalejira Orioko Txarangarekin.
  • 11:30. Umeentzako margoak eta txapa tailerra, GUKAren eskutik, Herriko Plazan. Hainbat elkartek beren mahai informatiboak ere jarriko dituzte. 
  • 12:00. Manifestuaren irakurketa, Herriko Plazan. 
  • Jarraian, Salatxo eta Eresmin abesbatzen emanaldia, herriko hainbat txokotan.
  • 13:15. Bazkaria, Orioko Trikitilari Taldeak girotuta.

(Azken eguneraketa ekainaren 16an)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide