Ikasturtean zehar sortutakoa argitara atera dute artista gaztetxoek

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 12a

Ganbara sormen tailerrak Erakusketa bizia saioa antolatu zuen atzo arratsaldean Salatxo aretoan. Bertan, ikusgai jarri zituzten haur eta gazteek ikasturtean zehar sortutako artelanak eta sorkuntzak. 

Ganbara sormen tailerrak antolatuta, Erakusketa bizia izeneko saioa egin zuten atzo arratsaldean Salatxo aretoan. Bertan, haur eta gazteek ikasturtean zehar sortutako lanak jarri zituzten ikusgai, besteak beste, ilustrazioak, collageak edota buztinezko oroigarriak.

Gainera, joan den hilean Nueva Ceramica de Orio lantegian egindako argazki saioko irudiak ere eskegi zituzten. Amaia Zinkunegik eta Ganbarako Nerea Urdangarin eta Zorione Mendezek material berrerabiliekin egindako jantziak erabili zituzten saiorako, eta Iker Gozategik izan zuen irudiak ateratzeko ardura.

Hainbat herritar batu ziren festara, eta Intza Alkain aktorearen gidaritzapean, artista gaztetxoei beren lanen inguruan galderak egiteko aukera izan zen. Gainera, desfile bat egin zuten sortutako jantziekin, eta, amaieran, mokadu goxoaz gozatu zuten lagunen artean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide