Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak igarota, asteburu honetan jokatuko dituzte traineruek Espainiako Txapelketako estropadak. Galiziako uretan izango dira lehiak gaur eta bihar, Meiran. Gaur kanporaketak izango dituzte beteranoek nahiz emakumezko eta gizonezko absolutuek, eta bihar, berriz, finalen txanda iritsiko da. Biharko finalei dagokienez, beteranoak lehiatuko dira aurrena, 10:20an hasita, eta okerrik ezean, hantxe izango da Badok 13 ontzia. 12:00etatik aurrera, berriz, absolutuek ekingo diete estropadei, emakumeek aurrena, eta gizonek, gero. Horiek telebistaz emango dituzte, ETB1en.
Gizonezkoetan Orio lehiatuko da banderaren bila –euskal talde bakarrenetakoa da, Donostiarrarekin eta Zierbenarekin batera–. Faborito nagusia da, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa etxeratu ondoren. Galiziako Chapela, Cabo, Ares, Samertolameu eta Mecos ontziek ere parte hartuko dute. Emakumezkoetan, Arraun Lagunak da euskal ordezkari bakarra, eta bera da bandera irabazteko faboritoa, aurreko astean Euskadikoa eskuratu ondoren. Bererekin batera, bost galiziar (Perillo, Tiran, Chapela, Amegrove eta Cabo) eta espainiar bat (Astillero) lehiatuko dira.