Nire Orio plataforma digitala aurkeztu dute gaur eguerdian. Arkupe merkatari eta ostalari elkarteak bultzatutako egitasmoa da eta Dendartean Gipuzkoako merkatari elkartearen bidez garatu dute. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren dirulaguntzaren bidez osatu da, eta Orioko Udalaren laguntza ere jaso du. Aurkezpenean izan dira Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendaria, Anuska Esnal Orioko alkatea, Lourdes Salsamendi udal zinegotzia, Xabier Aldalur Dendarteaneko teknikaria eta Arkupe elkarteko Leire Etxeberria presidentea, eta Karmele Garmendia eta Ainhoa Gabirondo kideak.
Plataforma hori herriko denda, zerbitzu-enpresa eta ostalaritza establezimenduen erakusleiho digitala izango da, eta horren bitartez, erabiltzaileek eskura izango dute establezimenduei, produktuei, zerbitzuei, nobedadeei eta eskaintzei buruzko informazioa. Dagoeneko martxan da plataforma. Helburua da tresna bizia izatea, eta eguneroko kontsumoari, herriko eskaintzari eta tokiko jarduerari lotutako informazioa biltzea.