Datorren ostiralean ospatuko dute V. Eragin Eguna

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 12a

2024ko Eragin Eguneko bazkariko une bat.

Arratsalde eta iluntze partean izango da eskubaloi klubaren festa. Afaria egingo dute pergolan, eta txartelak erosteko epea gaur amaituko da. 

Hemen da V. Eragin Eguna: ekainaren 19an, ostiralarekin, ospatuko dute aurten jaia, eta eskubaloi klubak dena prest du ikasturte amaierako festa horretarako. Normalean larunbatetan egiten dute ospakizuna, baina hurrengo asteburua ekitaldiz bete-betea dator Orion, eta ostiral arratsalde-iluntzea aprobetxatuko dute ikasturtea behar bezala amaitzeko. 

Bazkariaren ordez afaria egingo dute, eta txartelak erosteko epea gaur bertan amaituko da. Txartelak Arkaitz, Kutixi eta Sukian eskura daitezke, eta alergiarik balu norbaitek, mezua bidali beharko luke orioeskubaloia@gmail.com helbide elektronikora. 

Bi menu eskainiko dituzte: gazteentzat, DBH 4. mailara arte, 15 euroan iberikoak, kroketak, baserriko oilaskoa patatekin eta izozkia egongo dira, eta edaria barruan sartuko da. Helduentzat, berriz, 22 euroan entsalada, kroketak, oilaskoa edo txerri saiheskia eta goxua egongo da, baita edariak eta kafea ere. 

Egitaraua

Honakoa da V. Eragin Eguneko egitarau osoa:

  • 16:30-19:30: partidak jokalarien eta familien artean. 
  • 19:45-21:00: kaleetan zehar jokoak.
  • 21:00-22:15: afaria pergolan, Euskal Parrillaren eskutik. 
  • 22:15-23:45: Bide Batez taldearekin erromeria, pergolan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide